NATOk Errusiako petrolioa erosteari uzteko eskatu du Trumpek Moskuri zigor berriak jartzeko
Halaber, Txinari % 100eko muga-zergak jartzeko eskatu die AEBko presidenteak aliatuei, Asiako herrialdeak Errusian duen eragina baliatu dezan eta gerrari amaiera eman diezaion.
Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: Europa Press
Errusiako petrolioa erosteari uzteko eskaria egin die Donald Trump AEBko presidenteak NATOko herrialdeei larunbat honetan, eta bestela Moskuri ez diola zigor berririk jarriko iragarri du.
NATOko kideei bidalitako gutun batean, "Errusiari zigor handiak jartzeko prest" dagoela azpimarratu du Trumpek, "NATOko nazio guztiek gauza bera egiten hasten direnean eta Errusiari petrolioa erosteari uzten diotenean".
Turkiak, Hungariak eta Eslovakiak Errusiako petrolioa inportatzen jarraitzen dute, baina Europako herrialde gehienek hori egiteari utzi zioten Ukrainako gerra abiatu ostean.
Trumpek bere gutunean adierazi duenez, NATOko kideek Errusiari petrolioa erosteak "izugarri ahultzen du Errusiaren aurrean negoziatzeko duten jarrera eta ahalmena".
Halaber, aliatuek Txinari % 100eko muga-zergak jartzeko eskatu du Trumpek, Asiako herrialdeak Errusian duen eragina baliatu dezan gerra amaitzeko.
"NATOk esaten dudana egiten badu, gerra azkar amaituko da eta bizitza horiek guztiak salbatuko dira. Bestela, nire denbora, eta AEBren energia eta dirua alferrik galtzen ari dira", gaineratu du Trumpek.
AEBko presidentearen gutuna tentsio handiko une batean iritsi da, aste honetan 19 drone errusiarrek Poloniako aire-eremua urratu ondoren. Nolanahi ere, Poloniako defentsa-sistemek drone horiek eraitsi zituzten, NATOko herrialde batzuen laguntzarekin.