EUROPA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Atzerapenak eta arazoak Europako aireportuetan, zibereraso baten ondorioz

Bruselako aireportuak fakturazio eta ontziratze zerbitzuen hornitzailearen aurkako eraso informatiko bat salatu du, eta Heathrowk "arazo teknikoak" aipatu ditu atzerapenak justifikatzeko. Aenaren esanetan, oraingoz ez dago gorabeherarik Espainiako Estatuko aireportuetan.

18:00 - 20:00

Europako zenbait aireportutan atzerapenak eragin ditu fakturatzeko eta ontziratzeko zerbitzuen hornitzailearen aurka larunbat honetan izandako zibereraso batek, tartean Bruselan, Berlinen eta Londresen.

Aenak, bere aldetik, jakinarazi du Espainiako Estatuko aireportuetan oraingoz ez dagoela gorabeherarik.

Bruselako aireportuan zibereraso bat izan da bart, fakturazio eta ontziratze zerbitzuen hornitzailearen aurka, Belgikako hiriburuko aireportuak jakitera eman duenez.

Brussels Airportek ohar batean adierazi duenez, zibererasoak Europako beste zenbat aireportutan ere izan du eragina, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.

Horren ondorioz, fakturatzeko eta ontziratzeko operazioak eskuz egin behar izan dituzte.

Aireportuko iturrien arabera, erasoak "eragin handia du hegaldien ordutegian, eta, zoritxarrez, atzerapenak eta hegaldiak bertan behera uztea eragingo du".

Bestalde, Londresko Heathrow aireportuaren (Europako handiena) esanetan, fakturatzeko eta ontziratzeko operazioak egiten dituen hornitzaileak "arazo teknikoak" izan ditu, eta horrek atzerapenak eragin diezazkieke bidaiariei.

X sare sozialaren bidez zabaldutako mezu batean, Heathrowk azaldu du Collins Aerospace enpresak, "mundu mailako aireportu askotako hainbat airelineari fakturatzeko eta ontziratzeko sistemak" ematen dizkien enpresak, "abiatu nahi duten bidaiariei atzerapenak eragin diezazkiekeen arazo tekniko bat" izan duela.

Berlin-Brandenburg aireportuak ohar labur bat argitaratu du bere webgunean, eta honakoa azaldu du bertan: "Europan jarduten duen zerbitzu-hornitzailearen arazo tekniko baten ondorioz, itxarote-denbora gehiago dago fakturazioan". "Konponbide azkar bat emateko lanean ari gara", gaineratu du.

Oraingoz, ez dago argi zibererasoak kontinenteko beste aireportu batzuetan etenik edo kalterik eragin duen. Inork ez du eraso informatiko hori bere gain hartu.

Nazioarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu