Gutxienez 71 pertsona hil dituzte larunbat honetan Gazako Zerrendan
Israelek Gaza hirian lurreko erasoaldia hasi zuenetik izan den egunik gogorrenetako bat izan da gaurkoa. "Gerra hasi zenetik bizi izan ditugun unerik zailenetakoak bizitzen ari gara", ohartarazi dute Bautista Al Ahli ospitaletik.
Gizon bat Gaza hirian, suntsiketaren erdian. Argazkia: EFE
71 pertsona hil ditu, gutxienez, larunbat honetan Israelgo Armadak Gazako Zerrendan, Gaza hirian gehienak, bonbardaketa bortitzen eta lurreko erasoen bidez.
Guztira, 57 pertsona hil dituzte Gaza hirian (iparraldean), hiru Gaza erdialdean eta beste 11 hegoaldean.
"Gerra hasi zenetik unerik zailenak bizitzen ari gara", ohartarazi dute Bautista Al Ahli Ospitaletik, goizean zabaldutako ohar batean. Oraindik martxan dagoen zentro bakarra da, partzialki bada ere, hiriburaren ekialdean, Israelgo tropak sartu diren inguruan.
Zentroak ohartarazi du ia ez duela hornigairik bere pazienteak artatzeko, eta inguru horretako mediku gehienek hiriburutik ihes egin dutela Israelgo operazioaren ondorioz.
Goizean goizetik, Gazako Defentsa Zibileko larrialdi zerbitzuak salatu du bonbardaketak gogortu egin direla hiriburuan, eta bereizi gabe tirokatu dituztela droneek etxebizitzak eta herritarrak.
Bestalde, Hamas talde islamistak salatu duenez, Israelgo Armada lehergailuekin kargatutako eta urrutitik pilotatutako robotak erabiltzen ari da, "zibilen auzoetara sartu eta bertan leherrarazteko, ahalik eta suntsiketa handiena eragiteko".
500.000 palestinar baino gehiagok utzi dute Gaza hiria Israelgo Armadaren arabera
Israelgo Armadak larunbat honetan adierazi duenez, Gaza hirian bizi ziren milioi bat palestinarretatik erdiak baino gehiagok alde egin dute jada, Israelgo Defentsa Indarrek erabat ebakuatzeko agindu ostean.
Bestalde, NBEko batzorde independente batek, giza eskubideen errelatoreak, GKEek eta gero eta herrialde gehiagok genozidiotzat jo dute Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako erasoaldi militarra. Izan ere, 65.200 palestinar baino gehiago hil dira, horietatik 19.000 baino gehiago haurrak.
Espainiako osasun-langileek Gazako lankideak omendu dituzte, bata zuriak jantzi eta eskuak gorriz margotuta
Osasun arloko hainbat kolektibotako osasun-langileek elkarretaratzea egin dute larunbat honetan Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Vigon, Gazako genozidioa salatzeko eta Palestinako osasun-langileak omentzeko.
Zuriz jantzita eta gorriz margotutako eskuak altxatuta, osasun-langileen hilketa salatu dute, egunero egiten duten lana goraipatu dute eta itsasoz Gazako Zerrendara doan ontzidiarekiko errespetua eskatu dute.