NBEk gerra eta gizateriaren aurkako krimenak leporatu dizkio Errusiari, Ukrainan egindako gehiegikeriengatik
Ikertzaileek Ukrainako zibilen aurkako eraso indiskriminatuak salatu dituzte.
Nazio Batuen Erakundeko Ukrainari buruzko Ikerketa Batzordeak azken txostenean ondorioztatu duenez, Errusiak gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egiten jarraitzen du Ukrainaren aurkako eraso militarrean, eta gehiegikeriak ia etengabeak dira, besteak beste, herritar zibilen aurkako bonbardaketak egiteagatik eta herritarrak lekualdatzera behartzeagatik.
"Ukrainako gatazka armatuak eragin makurra izaten ari da herritar zibilengan", deitoratu du Erik Mose batzordeko arduradunak, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean egindako hitzaldi batean. Bertan gogorarazi duenez, biktima zibilen kopuruak % 40 egin zuen gora urteko lehen zortzi hilabeteetan, 2024ko epe berarekin alderatuta.
Irismen luzeko armekin eremu zibilean egindako "etengabeko erasoak" areagotu egin omen dira, baina batzordea bereziki "asaldatuta" agertu da borroka-frontean gero eta irismen laburreko drone gehiago erabiltzen dituztelako indar errusiarrek, "herritarren artean izua zabaltzeko".
Batzordearen arabera, helburuak ez dira eremu militarrera mugatzen; izan ere, ikertzaileek egiaztatu dute bonbardaketak egin dituztela instalazio eta azpiegitura zibilen aurka, hala nola, medikuntza-sektoreari lotutako garraioen, ibilgailuen eta eraikinen aurka.
"Inpunitaterik ez egotea eta arduradunak epaitzea funtsezkoa da bake iraunkorra bermatzeko", ohartarazi du Mosek Kontseiluaren aurrean.