HAUTESKUNDEAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Moldaviako gobernua bloke errusiazaleari gailendu zaio, lehen emaitzen arabera

Oraingoz ez dakite, hala ere, alderdi ofizialistak bakarrik gobernatzeko nahiko eserleku izango ote dituen, 2021eko hauteskundeetan bezala. Oposizioak manifestazioa deitu du astelehenerako hiriburuan.

Maia Sandu presidenta Moldavia
Maia Sandu presidentea, igandeko hauteskundeetan bozkatzen. Argazkia: EFE

Moldavian agintean dagoen PAS alderdi europazaleak botoen % 44 eskuratu ditu Parlamenturako hauteskundeetan, Hauteskunde Batzorde Zentralak (CEC) emandako lehen emaitzen arabera, baina oraindik ez da jakina emaitza hori nahikoa izango ote den boterean jarraitzeko.

Boto-paperen % 70 zenbatu ondoren, Hauteskunde Bloke Patriotikoa, Moskurekiko loturak indartzea defendatzen duena, da bigarrena, botoen % 28arekin.

Ondoren, Bloke Alternatiboa geratu da, botoen % 7,75arekin, eta Demokrazia Etxean alderdia gero, botoen % 6,91rekin.

Oraingoz ez dakite alderdi ofizialistak bakarrik gobernatzeko aukera izango duen, 2021eko hauteskundeetan bezala.

Partehartze handia izan da hauteskundeetan, bai herrialdean baita kanpoan ere, eta Gobernuaren eta oposizioaren artean salaketa ugari izan dira, botoa manipulatzeko saiakeren inguruan.

Hain zuzen ere, Moldaviako Europaren aldeko diasporaren botoa funtsezkoa izan zen 2024an Europar Batasunean (EB) sartzeko erreferenduma aurrera ateratzeko, eta helburu hori 2030erako bete nahi du Chisinauk.

Bere aldetik, oposizio errusiazaleak esan du herriak aldaketaren alde bozkatu duela gaur, eta hala defendatuko dutela Moldaviako hiriburuan biharko deitutako manifestazio batean.

Nazioarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu