4 lagun hil eta 70etik gora zauritu ditu Errusiako Armadak Ukrainan, aspaldian airetik egindako eraso luze eta gogorrenean
"Eraso basatiak, nahita eragindako izua, hiri arrunten aurka zuzendua: ia 500 drone eta 40 misil baino gehiago, Kinzhal misilak barne", salatu du Zelenskik sare sozialetan.
Ukrainako soldaduak, Donetsken. Argazkia: EFE
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak igande honetan jakitera eman duenez, Errusiak ia 500 drone eta 40 misil jaurti ditu bart herrialdearen aurka, eta gutxienez lau hildako utzi ditu Kieven eta 40 zauritu Estatu osoan.
"Eraso basatiak, nahita eragindako izua, hiri arrunten aurka zuzendua: ia 500 drone eta 40 misil baino gehiago, Kinzhal misilak barne", salatu du Zelenskik sare sozialetan.
Errusiako erasoen helburu nagusiak, Kiev hiriburutik haratago, Zaporizhia, Khmelnytsky, Sumy, Mykolaiv, Txernihiv eta Odesa eskualdeak izan dira, herrialdearen hegoaldean, iparraldean eta erdialdean.
"Orain arte, lau hildako izan dira Kieven, 12 urteko neskato bat tartean", esan du Zelenskik, hiriko administrazio militarrak aurreratu dituen datuen berri emanez, eta herrialde osoan gutxienez 40 pertsona zauritu direla gaineratu du, tartean haurrak.
"Kontraerasoan jarraituko dugu Errusiari bere diru-sarrera fluxuak kentzeko eta diplomaziara behartzeko. Bakea nahi duten guztiek Donald Trump presidentearen ahaleginak babestu behar dituzte, eta Errusiako inportazio guztiak geldiarazi", adierazi du.
Errusiak baieztatu egin du erasoak egin izana baina gune militarrak bakarrik izan dituela jomugan esan du.