Israelek Sumud Flotillako 443 kide atxilotu eta Beersebako espetxe batera eramango ditu ondorengo orduotan
Aurrena, Asdodeko portura eraman dituzte flotillako kideak, eta handik, Beersebako espetxe batera eramatea da Israelgo Gobernuaren asmoa.
Israelgo Gobernuak arratsaldean amaitutzat eman du Gazara bidean zihoan Global Sumud Flotilla atzemateko operazioa. Antza, flotillako ontzi bakarra geratzen da itsasoan, Summertime izenekoa eta lege-babesa ematera joana zena. "Hamas-Sumud probokazio-ontzietako bakar batek ere ez du lortu legez ezarri dugun itsas-blokeoa gainditzea", idatzi du X sare-sozialean, Benjamin Netanyahuren Gobernuak. "Probokazio honetan parte hartu duen azken ontzi bat geratzen da itsasoan. Urruti dago, baina hurbiltzen bada, hari ere debekatu egingo zaio sarrera".
Horrenbestez, flotilla desenginda geratu da: 500 kideetatik, 443 preso hartu eta Asdodeko portura eraman dituzte. Handik, Beersebako kartzela batera eramango dituzte guztiak ondorengo orduotan.
Israelek ezarritako blokeoa hautsi eta Gazara laguntza humanitarioa eramatea zen flotillaren helburua. Atzo arratsaldean, iragarritako bete, eta Israelgo Armadak operazioa abiatu zuen, ontzi guztiak atzemateko. 12 ordu baino ez zituen behar izan, operazioa burutzeko.
"Probokazioa amaitu da"
Ontzi bakar batek ere ez du lortu Israelgo Armadak Gazan ezarritako blokeoa gainditzea, eta, hortaz, amaitu da Gazara giza laguntza itsasoz eramateko ahalegina. "Probokazioa amaitu da", gaineratu du.
Flotillako kide guztiak onik daudela azpimarratu du Israelgo Armadak sare sozialetan zabaldutako mezu batean, eta Israelera bidean daudela. Halaber, flotillako ontziak yate gisa izendatu ditu eta bidaiariak Hamasekin lotu ditu.
Benjamin Netanyahu lehen ministroa buru duen Israelgo Gobernuaren esanetan, oraindik "borroka eremura" gerturatu ez den azken itsasontzi bat atzematea falta da. Azken hori gerturatuz gero, geldiarazi egingo dutela argi utzi du.
Bien bitartean, Israel atxilotuak Ashdodeko portura eramaten hasi da, deportatu aurretik.
Atxilotuen artean, gutxienez 40 espainiarrak dira, 35 italiarrak, 32 turkiarrak, 21 Malaysiakoak, 25 Tunisiakoak, 12 Brasilgoak, 31 Frantziakoak, 20 estatubatuarrak. Horiez gain, Erresuma Batuko, Alemaniako, Mexikoko eta Kolonbiako herritarrak ere badaude.
Itsasontziak nazioarteko uretan atzeman dituzte, Gazako kostaldetik 80 bat itsas miliara, eta ekimenaren bultzatzaileen arabera ekintza honek nazioarteko zuzenbidea urratzen du. Atxilotutako ontzien artean Alma, Adara, Sirius, Aurora, Dir Yassine eta Grande Blu daude, besteak beste.
Maria Elena Delia Italiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak azaldu duenez, "flotillako kideek bi aukera izango dituzte. Lehenengoa da onartzea berehala kanporatzea, borondatez. Bigarrena aurrekoari uko egitea da, eta espetxean atxilotzea onartzea, nahitaezko aberriratzearen zain".
Ez badute kanporatzea onartzen, "Flotillako kideek agintari judizialen erabakiaren zain egon beharko dute; normalean, 48 eta 72 ordu artean luzatzen da tarte hori".
Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak Israelen dauden diplomazialari guztiak erretiratzeko agindua eman du, eta iragarri du hautsi egin duela Tel Avivekin duen merkataritza libreko ituna, Kolonbiako bi herritar "bahitu" dituztela salatuz. Txile, Bolivia, Venezuela, Malaysia eta Turkiako gobernuek ere Israelen jokabidea gaitzetsi dute, eta Espainiak eta Frantziak euren herritarren segurtasuna bermatzeko eskatu dute.
Erroman milaka pertsona kalera atera dira eta Italiako sindikatuek greba orokorra deitu dute ostiralerako. Grezian, Suitzan, Espainian, Turkian, Argentinan, Mexikon, Alemanian eta Kolonbian ere protestak izan dira.
Euskadin, unibertsitateko ikasleek elkarretaratzeak deitu dituzte ostegun honetarako EHUko hainbat campusetan, Israelen blokeoa amaitzea eskatzeko eta ontzidiari babesa adierazteko.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere Gazarako Mugimendu Globalak Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, Sumud ontzidiaren aurkako "erasoa" salatzeko eta mobilizazioak deitu ditu dozenak udaletxeren aurrean ostegun arratsaldearako.
Hamasen erantzuna
Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak (Hamas) gaitzetsi egin du Israelgo Armadak izan duen jarrera, eta "pirateria" dela adierazi du.
"Israelgo Armadak nazioarteko uretan Flotillaren ontziak geldiaraztea eta horietan dauden ekintzaileak eta kazetariak atxilotzea traiziozko erasoa da, zibilen aurkako pirateria eta itsas terrorismo delitua", dio taldeari lotutako Filastin egunkariak jasotako ohar batek.
Hamasek gogorarazi du ekintza horiek "okupazioaren krimenen historia beltzari" gehitu behar zaizkiola, eta ziurtatu du "bi urtez genozidioa eta gosete sistematikoa jasan duen" Gazan "setiatutako" herri palestinarrari larrialdiko laguntza emateko "premiazko" misio humanitarioa egiten ari ziren nazioarteko "ekintzaileen aurkako eraso basatia" dela.
"Gogor gaitzesten dugu etsaien Armadak ontzidiaren aurka egindako eraso basati hau, eta Israelek egindakoa munduko pertsona aske guztiek gaitzetsi beharreko ekintza kriminala dela baieztatzen dugu", adierazi du. Aktibisten "ausardia" eta herri palestinarraren aurkako "setioa hausteko ausardia" txalotu ditu Hamasek.
Zure interesekoa izan daiteke
Trumpen azken mehatxua: "Gaur gauean zibilizazio oso bat hilko da"
Irani emandako ultimatuma amaitzeko ordu gutxiren faltan, agintari estatubatuarrak iragarri du gaur "munduaren historia luze eta konplexuko unerik garrantzitsuenetako bat" biziko dela.
Petrolioaren prezioa, gorantz: 111 dolarrera iritsi da; Iranen aurkako erasoaren aurretik, 72 dolarrean zegoen
Trumpen ultimatuma amaitzeko ordu batzuk falta direnean, Irango gerra gelditzeko balizko akordio baten zain jarraitzen dute merkatuek.
Trump: "Ormuz zabaldu ezean, gau bakarrean suntsi dezakegu herrialde osoa"
Euskal Herrian goizaldeko 02:00ak direnean amaituko da Ormuzko itsasartea zabaltzeko Trumpek Irani emandako epea. Iranek Pakistanen bitartekaritzarekin proposatutako 10 puntuko dokumentua ez zaio, nonbait, nahikoa iruditu AEBko presidenteari. Iranek esan du negoziazioak ez direla mehatxuekin bateragarri. Israelek, bitartean, irandarrei ohartarazi die ez daitezela trenean ibili ez badute bizia arriskuan jarri nahi.
Trumpek Artemis II.aren misioko tripulatzaileekin hitz egin du eta izan duten ausardia eskertu die
AEBko presidenteak tripulazioarekin hitz egin zuen, Ilargiaren alde ezkutua behatu ondoren, egindako misio historikoagatik zoriontzeko. "Gaur Historia egin duzue, eta harro sentiarazi duzue Amerika osoa, izugarri harro", esan zuen Trumpek elkarrizketan.
Artemis II misioak Lurrera itzultzeko bidaia hasi du, Ilargiaren alde ezkutua behatu ondoren
Aurreikusita zegoen bezala, misioko lau astronautek —Reid Wiseman, Victor Glover, Christina Koch eta Jeremy Hansen— Lurrarekiko komunikazioa galdu dute, 40 minutuz. Tarte horretan, satelitearen alde ezkutua behatu dute eta inoiz ikusi gabeko tokien argazki eta datuak bildu dituzte.
Artemis II misioa: "Gizakia Lurretik inoiz urrunen egon den tokira iritsi gara"
Lau astronautak gaur sartu dira Ilargiaren orbitan, eta satelitearen alde ezkutua behatzen hasiko dira. Lehen irudiak erakusten hasi da NASA gaur.
Iranek AEBren su-eten proposamena baztertu eta gerra behin betiko bukatzeko eskatu du
Iranek hamar puntuko proposamen bat helarazio dio AEBri, Pakistanen bitartez, gatazka erabat bukatzeko helburuarekin. Trumpen arabera, "ez da nahikoa", eta Iran osorik suntsitzeko mehatxua bota du, berak jarritako epea betetzen bada.
Ormuzko itsasartetik igarotzeko "protokoloa" negoziatzen ari dira Iran eta Oman
"Elkarrizketa hauen helburua da ontziak Ormuzko itsasartetik segurtasunez pasatzeko prozedura aztertzea", esan du gaur, astelehenarekin, Ismail Bagaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
AEB, Iran eta hainbat bitartekari 45 eguneko balizko su-eten bat negoziatzen egon litezke
Bestalde, Irango Atzerri ministroaren bozeramaileak esan du ez dituela Trumpen ultimatumak onartuko, "negoziazioa ez delako ultimatumekin, hilketekin edo gerra krimenak burutzeko mehatxuekin bateragarria".
17 eta 45 urte arteko gizon alemaniarrek baimena beharko dute hiru hilabete baino gehiagoz herrialdetik irteteko
Urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen soldadutza lege berriaren arabera, herrialdetik kanpora hiru hilabetetik gorako egonaldiak egiteko Armadaren baimena beharko dute. Alemaniako Defentsa Ministerioko bozeramaile baten arabera, ordea, zerbitzu militarra borondatezkoa den bitartean baimenak emantzat joko dira.