Poliziak baieztatu du Manchesterko sinagogako biktimetako bat agenteen tiroen ondorioz hil zela
Poliziaburuaren arabera, Jihad Al-Shamie susmagarriak ez zeraman suzko armarik, eta tiro bakarrak poliziek egin zituzten, baimendutako armekin, erasotzailea sinagogan sartzea eragozten saiatu zirenean. Hori dela eta, biktimaren bala-zauriak agenteek egin behar izan zituzten, nahi gabe bada ere.
Sinagogaren ingurua, Manchesterren. Argazkia: EFE.
Ostegunean Manchesterren (Ingalaterrako ipar-mendebaldea) sinagoga baten aurka izandako atentatuan hildako bi pertsonetako bat agenteen tiroen ondorioz hil zen, Poliziak ostiral honetan baieztatu duenez.
Stephen Watson Manchester Handiko Poliziaren buruak esan duenez, ospitalean larri dauden hiru pertsonetako batek ere bala zauriak ditu.
"Barne Ministerioko patologoak jakinarazi duenez, hildako biktimetako batek tiro batekin bateragarria den zauri bat duela dirudi", esan du Poliziako agintariak.
Watsonek gaineratu duenez, "uste da Jihad Al-Shamie susmagarriak ez zuela suzko armarik, eta tiro bakarrak Manchester Handiko Poliziaren agenteek egin zituztela, baimendutako armekin, erasotzailea sinagogan sartzea eta komunitate juduari kalte gehiago egitea eragozten ari ziren bitartean".
"Beraz, ondorioztatu da, auzitegiko azterketa mediko gehigarriak egin ondoren, zauria (hilgarria) nire ofizialek eraso bortitzari amaiera emateko hartutako premiazko ekintzaren ondorio tragiko eta ustekabekoa izan zitekeela", azaldu du.
Watsonen esanetan, balaz zauritu zuten beste pertsonaren "bizitza ez dago arriskuan".
"Uste da bi biktimak elkarrengandik oso gertu zeudela, Sinagogako atearen atzean, fededunak erasotzailea sar ez zedin saiatzen ari zirenean", esan du Poliziaren buruak.
Bi pertsona hil eta hiru zauritu ziren ostegunean, Jihad Al-Shamie britainiarrak (aurrekaririk gabekoa) auto batekin oinezkoak harrapatu eta gizon bat sastakatu ondoren Yom Kippurreko jaialdi juduan, Heaton Parkeko sinagogan, Manchester iparraldean.
Ostiral honetan emandako informazioarekin jakin da, beraz, hildako horietako bat eta beste pertsona baten zauriak agenteen tiroek eragin zituztela. Susmagarria bera ere Poliziak hil zuen, tiroz.
Hildako beste bi gizonak 53 urteko Adrian Daulby eta 66 urteko Melvin Cravitz dira.
Poliziak ustezko hiru konplize ditu zaintzapean, eta martxan du erasoaren motibazioari buruzko ikerketa.
Shabana Mahmood Barne ministroak eta Poliziak protestak egun batzuez bertan behera uzteko eskatu diete ostiral honetan Palestinaren aldeko protesten antolatzaileei, komunitate juduari dolua egiten uzteko, baina, printzipioz, larunbaterako deituta jarraitzen du Palestine Action debekatutako taldearen aldeko manifestazioa.