Greta Thunberg "aztoratzailea" dela esan du Trumpek, eta ekintzaileak, ironiaz, haserrea kontrolatzeko aholkuak eskatu dizkio AEBko presidenteari
Thunbergi "medikuarenera joatea" gomendatu dio AEBko presidenteak. Ekintzailea Israeletik atera dute, Gazarako flotillan parte hartu ostean.
Greta Thunberg, Greziako aireportuan. Argazkia: EFE
Greta Thunberg aktibista klimatikoak ironiaz erantzun dio Donald Trump AEBko presidenteari. Trumpen hitzetan, "aztoratzailea" da, eta "mediku batek ikusi beharko luke", haserre arazoak omen dituelako.
"Atseginez jasoko ditut haserrea kontrolatzeko gomendioak", idatzi du Thunbergek Instagrameko bere kontuan.
Trumpek Bulego Obalean egin ditu adierazpenok, eta Global Sumud Flotilla humanitarioko kideen atxiloketari buruz galdetu diotenean, esan du Thunbergek "ingurumenari buruz" hitz egiten ez duela eta "zalapartaria" baino ez dela.
Thunberg Israeletik Greziara deportatu dute, ontzidiko 135 kiderekin batera, laguntza humanitarioarekin Gazako Zerrendara zihoazela nazioarteko uretan atzeman ondoren. Atenasera iritsi zenean, hedabideen aurrean salatu du "Israel biztanleria osoa desagerrarazten saiatzen ari dela", palestinarrei erreferentzia eginez.
Global Movement to Gaza plaformaren Suediako taldeak jakinarazi duenez, Thunberg eta deportatutako gainerako ekintzaileak gaur itzuliko dira Suediara, eta Stockholmeko erdigunean egingo duten manifestazioan hartuko dituzte, prentsaurrekoa eman aurretik.