Hainbat merkataritza-akordio sinatuz eta Thailandia eta Kanbodiaren arteko bake-akordioa iragarriz hasi du Trumpek Asiako bira
Besteak beste, Malaysiako lur arraroetarako sarbidea handitzeko aukera ematen dion akordioa sinatu du AEBko presidenteak. Bihar Japoniara joango da, eta ostegunean Txinako presidentearekin bilduko da. Egunak daramatzate herrialde horietako ordezkaritzek bilerak prestatzen.
Trump, ASEAN Asia Hego-ekialdeko Nazioen Elkartearen goi-bileran bildu diren hainbat buruzagirekin. Argazkia: EFE
AEBko presidente gisa betetzen ari den bigarren agintaldian lehen aldiz, Asian bira hasi du igande honetan Donald Trumpek Kuala Lumpur Malaysiako hiriburuan, eta lehen eguna oso emankorra izan da: hainbat merkataritza-itun sinatu ditu, eta Thailandia eta Kanbodiaren arteko "akordio historikoa" iragarri du.
ASEAN Asia Hego-ekialdeko Nazioen Elkartearen goi-bileran ari da parte hartzen AEBko burua. 10:00ak baino lehen lurreratu da (02:00 GMT) Malaysiako hiriburuan, eta Konbentzio Zentrora joan da jarraian. Bertan, Asiako buruzagiekin izateaz gain, Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentearekin ere bildu da.
AEBko presidenteak iragarri duenez, Kanbodiaren eta Thailandiaren artean "akordio historikoa" sinatu dute, hainbat hamarkada iraun duen gatazkari amaiera emateko. "Nire administrazioak zortzi hilabetean amaitu dituen zortzi gerretako bat da hau", esan du Trumpek, "Kuala Lumpurreko Bake Akordioa" deitu duena iragarri duenean.
Era berean, Pakistanen eta Afganistanen arteko gatazka ere "oso azkar" konponduko duela esan du Trumpek.
Merkataritza-akordioak
Trumpek hainbat merkataritza-akordio ere iragarri ditu ASEANen.
Thailandiarekin, mineral kritikoen hornikuntza-kateak garatu eta hedatzeko "lankidetza indartzea" adostu du; Kanbodiarekin, berriz, akordio komertzial bat itxi du, herrialdeari muga-zergak % 19an uzteko.
Etxe Zuriaren arabera, Kanbodiak konpromisoa hartu du AEBk Asiara esportatzen dituen nekazaritza-produktuei eta industria-ondasunei zergen % 100a kentzeko.
Malaysiarekin beste akordio garrantzitsu bat ere sinatu du. Horren arabera, AEBk Malaysiako lur arraroak eskuratzeko aukera gehiago izango ditu. Washington hornidura-iturri berriak bilatzen ari da, Txinak mineral horien esportazioak murriztu baititu eta ia monopolizatuta daukalako industria hori.
"Mineral kritikoak edo lur arraroak AEBra esportatzea ez debekatzeko eta kuotak ez ezartzeko konpromisoa hartu du Malaysiak", Etxe Zuriaren arabera.
Bilera Lularekin
Trump Lula da Silva Brasilgo presidentearekin ere bildu da, bi potentzien arteko jarrerak hurbiltzeko asmoz. Gero Brasilgo presidenteak bere sare sozialetan esan duenez, bilera "bikain" joan da, eta bi herrialdeek "berehala" merkataritza-negoziazioak hasiko dituztela baieztatu du. Topaketa hau bi herrialdeen artean tentsioa pil-pilean zegoenean iritsi da, Washingtonek % 50eko muga-zergak ezarri baitizkio Brasili.
Trumpen eta Lularen arteko bileran, Scott Bessent AEBko Altxorraren idazkaria eta Jamieson Greer AEBko Merkataritza ordezkaria ere izan dira. Asteburu osoa eman dute biek Pekingo ordezkaritza batekin negoziatzen Kuala Lumpurreko hotel batean, Xi Jinpingen eta Trumpen arteko bilera prestatzeko.
Trump Japoniara joango da astelehenean, eta ostegunerako dago aurreikusita Trumpen eta Xi Jinpingen arteko bilera, Hego Korean.