Louvreko Museoan bitxiak lapurtzeagatik bost susmagarri gehiago atxilotu dituzte
Agintariek adierazi dute ez dituztela bitxiak oraindik berreskuratu, baina aurkitu eta Parisko pinakotekara itzuliko dituzten esperantza dutela gaineratu dute.
Beste bost pertsona atxilotu dituzte Louvreko bitxiak lapurtzea egotzita, tartean lapurreta egin zuen taldeko ustezko lau lapurretako bat, Laure Beccuau Parisko fiskalak ostegun honetan RTL irratian egindako elkarrizketan jakinarazi duenez.
Bostak aldi berean atxilotu zituzten, Parisen eta inguruetan. Bart atxilotuetako bat “ikertzaileen helburua zen” eta “lapurretarekin zerikusia duela egiaztatzen duten DNA frogak” dituzte. "Jo-puntuan genuen susmagarrietako bat zen”, azaldu du fiskalak.
Asteazken honetan atxilotutako beste lau lagunek “lapurretaren nondik norakoei buruzko informazioa eman dezakete”, gaineratu du.
Susmoa da eurak izan zirela "Apoloren galerian sartu zirenak bitxiak lapurtzeko", zehaztu du. Fiskalak gaineratu duenez, "garai honetan ezerk ez du iradokitzen museoaren barruan konplizeak izan zirenik". Hala ere, ikertzaileek ez dute baztertzen zaintza-kamerek identifikatutako lau egileek baino talde askoz handiagoa izatea, adierazi du.
Bitxiak oraindik ez dituztela berreskuratu zehaztu du Beccuauk, baina aurkitu eta Louvre Museora itzuliko dituzten esperantza dutela gaineratu du.