Gobernua osatzeko hautagaiaren aukeraketa asteartera arte atzeratu dute Herbehereek
Azken emaitzen zain, garaipen estua lortuko du D66 alderdiak. Botoen % 99,7 zenbatuta, D66 alderdiak botoen % 16,9 eskuratu ditu, eta PVV alderdiak, berriz, botoen % 16,7. Guztira, 26 eserleku lortuko ditu bakoitzak.
Herbehereetako Parlamentuak datorren asteartera arte atzeratu du gobernua bilatzeko hautagai baten aukeraketa. Aste honetan izan dituzte hauteskunde legegileeak, eta lehia estua izan da. Zenbaketa ez da amaitu, eta berdinketa teknikoa izan da D66 zentro-ezkerreko alderdiaren eta PVV Askatasunaren Alderdi ultraeskuindarraren artean.
Alderdi guztietako buruzagiek bilera datorren astera atzeratzea erabaki dute. Orduan aukeratuko dute prozesua bideratuko duen pertsona. Haren ardura izango da gobernua osatzeko eta lehen ministroa aukeratzeko prozesua bideratzea.
D66 alderdiak eskura du garaipena, eta Rob Jetten buruzagia aukera dezakete prozesua martxan jartzeko. Oraingoz, botoen % 99,7 zenbatuta, D66 alderdiak botoen % 16,9 ditu, eta PVVk, berriz, botoen % 16,7. Guztira, 26 eserleku izango ditu bakoitzak Parlamentuan.
Erabakia hartu aurretik, Geert Wilders PVVko buruak aliantzak bilatzeko fasea atzeratzeko eskatu dio Martin Bosma Ordezkarien Ganberako presidenteari.