Dick Cheney AEBko presidenteorde ohia hil da, 84 urterekin
George W. Bushen Gobernuko bigarrena Defentsa Saileko buru ere izan zen, eta garai batean Alderdi Errepublikanoaren zutabeetako bat.
Richard B. Cheney, Dick Cheney ezizenez ezaguna, AEBko presidenteorde ohia hil da, 84 urte zituela, pneumonia batek jota eta gaixotasun kardiobaskular batek eragindako "konplikazioen" ondorioz, haren familiak astearte honetan zabaldutako oharraren arabera.
Cheney, George W. Bushen Administrazioko bigarrena, astelehen gauean hil da. Familiak "gizon handi eta on" gisa gogoratu du, "seme-alabei eta bilobei bere herrialdea maitatzen eta ausardiaz, ohorez, maitasunez, adeitasunez eta arrantzaz betetako bizitzak bizitzen erakutsi zielako".
"Eskerrak eman nahi dizkiogu Dick Cheneyk gure herriaren alde egin zuen guztiagatik", dio AEBko hedabideek jasotako oharrak. Bertan, sei hamarkada baino gehiagoz haren emazte izan zenari, Lynneri, eta baita bi alabei ere, esker ona adierazteko mezuak eskaintzen zaizkie.
Cheneyk Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa arduraduna ere izan zen, eta garai batean Alderdi Errepublikanoaren zutabeetako bat, baina 2024ko hauteskundeetan aitortu zuen ez zuela Donald Trumpen alde bozkatuko, Kamala Harris demokrataren alde egingo baitzuen.