Pasaportean genero identitatea ezabatzea babestu du AEBko Auzitegi Gorenak
Horrela, aurrerantzean generoari dagokion laukian "X" hautatzeko aukera kendu eta jaiotzean esleitutako sexua markatu beharko da.
Ronald Reagan aireportua (Washington, Virginia). Argazkia: EFE
Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Donald Trump AEBko presidenteari, eta aurrerantzean ezingo da genero identitatea gehitu herrialde horretako pasaporteetan.
Justizia Departamentuak apelazio-errekurtsoa aurkeztu zuen irailean, epaitegiek Trumpen administrazioaren pasaporte politika blokeatu ondoren.
The Hill atariak zabaldutako informazioaren arabera, Auzitegi Goreneko gehiengo kontserbadoreak (6 boto alde eta 3 kontra) ebatzi duenez, jaiotzean esleitutako sexua pasaportean agertzeak ez ditu pertsonaren berdintasun printzipioak urratzen.
Gorenaren babesa jasota, aurrerantzean generoari dagokion laukian "X" hautatzeko aukera kendu eta jaiotzean esleitutako sexua markatu beharko dute estatubatuarrek. Horrela, esleitutako sexua eta genero nortasuna bat ez datozen pertsona transgeneroek ezingo dute beren identitatea dokumentu ofizial horretan adierazi.
Auzi honetan transgeneroen eskubideak defendatu dituen Askatasun Zibilen Aldeko Batasun Amerikarreko abokatuak salatu duenez, "politika berri honek pertsona transgeneroak, ez bitarrak eta intersexualak arriskuan jar ditzake pasaportea erabiltzen duten bakoitzean".