Gutxienez 4 pertsona hil eta 11 zauritu dira Floridan, polizia atzetik zuen auto batek harrapatuta
Poliziaren auto bat atzetik zuela, 22 urteko gidariak LGBTQ komunitatean oso ezaguna den taberna baten kontra egin du talka Tampa hirian. Gidaria atxilotu egin dute.
Polizia, Tampan. Argazkia: Europa Press
Gutxienez 4 pertsona hil eta 11 zauritu dira AEBn, Tampa hirian (Florida), Poliziaren jazarpen batean.
Ostiraletik larunbaterako gauean, 24:00ak aldera, auto batean zihoan gazte bati gelditzeko agindua eman dio Poliziak, ausarkeriaz gidatzen ari zela iritzita, baina gelditu beharrean ihesari eman dio.
Poliziak atzetik jarraitu dio, eta geldiarazteko maniobra guztiek porrot egin eta gero, gidaria abiada bizian sartu da 7. etorbidea, autoaren kontrola galdu du eta Bradley's izeneko taberna bateko bezeroak harrapatu ditu.
Harrapatutako pertsonetako hiru bertan hil dira, eta laugarren bat ospitalera bidean zela, Tampako Poliziak bere webgunean argitaratutako komunikatuaren arabera. Gainera, zaurituetako bat egoera kritikoan dago.
Gidaria, Silas Sampson izeneko 22 urteko gizonezko bat, atxilotu egin dute, eta zaintzapean dute.