BBCko zuzendari nagusiak dimisioa eman du Trumpi buruzko dokumental baten inguruko polemikaren harira
'The Daily Telegraph' egunkariak asteartean argitaratu zituen barne dokumentu batzuen arabera, 'Panorama' izeneko dokumentalak ikusentzuleak engainatu ahal izan zituen Trumpen hitzaldi bat manipulatuz. Aurrez, Gazako genozidioaren inguruko trataeragatik ere jomugan zuen BBCko zuzendaritza Britainia Handiko eskuinak.
Tim Davie BBCko zuzendari nagusiak eta Deborah Turness albistegietako zuzendariak dimisioa eman dute, komunikabide publikoa hainbat polemikatan nahastuta egon ondoren. Horien artean azkena, Donald Trumpen inguruko dokumental bat, hark bultzatu zituela 2021eko Kapitolioko istiluak iradokitzen zuena.
"Oro har, BBCk ondo funtzionatzen du, baina akats batzuk egin dira, eta, zuzendari nagusia naizen aldetik, erantzukizun handiena hartu behar dut", idatzi du Daviek igande honetan Administrazio Kontseiluari bidalitako gutun batean.
Tim Daviek 20 urte zeramatzan BBC katean lanean eta 2020an hartu zuen zuzendari kargua.
Zuzendariak aitortu zuenez, "arrazoi bakarra ez bada ere, BBC Newsen inguruan piztu den eztabaidak erabakia hartzen lagundu du" eta "karguak dakartzan eskakizun pertsonal eta profesional gogorrei buruz hausnarketa sakona" egin duela ere gaineratu du.
"Gero eta polarizatuagoak dauden garai hauetan, BBCk balio aparta du, daukagun onena da. Erresuma Batua leku berezia izan dadin laguntzen du; atsegina, tolerantea eta bitxia", nabarmendu du Daviek.
"Erakunde publiko guztiak bezala, BBC ez da perfektua, eta beti irekiak, gardenak eta arduratsuak izan behar dugu", gaineratu du.
Turness albistegietako zuzendariak larunbatean eman zion dimisioaren berri Davieri, eta gaur esan duenez, 'Panorama' saioaren inguruko eztabaida "BBCri kalte egiteko puntura" iritsi da. "Akatsak egin badira ere, argi utzi nahi dut BBC Newsek joera instituzionala duela dioten salaketak faltsuak direla", gaineratu du.
Samir Shah Administrazio Kontseiluko presidenteak eskerrak eman zizkien Davie eta Turnessi egindako lanagatik eta erakutsitako "arduragatik eta konpromisoagatik", eta esan du gaur "egun tristea" dela BBCrentzat.
Polemika
'The Daily Telegraph' egunkariak asteartean argitaratu zituen barne dokumentu batzuen arabera, 'Panorama' izeneko dokumentalak ikusentzuleak engainatu ahal izan zituen Trumpen hitzaldi bat manipulatuz.
October Films Ltd ekoiztetxe independenteak egin zuen BBCrako eta bertan, 2021eko Trumpen diskurtso bat ageri zen, editatuta. Zera zioela eman zuen aditzera: "Kapitoliorantz abiatuko gara, eta ni zuekin joango naiz, eta borroka egingo dugu. Gure indar guztiekin borrokatzen dugu, eta indar guztiekin borrokatzen ez badugu, ez dugu herrialderik izango ".
Benetan, ondorengoa esan zuen Trumpek: "Kapitoliorantz abiatuko gara, eta ni zuekin joango naiz. Badakit hemen dauden guztiak laster joango direla Kapitolioko eraikinera, haien ahotsak modu baketsu eta patriotikoan entzunarazteko".
Aurrez, Gazako genozidioaren inguruko trataeragatik ere jomugan zuen BBCko zuzendaritza Britainia Handiko eskuinak. Gazari buruzko dokumental bat eman ondoren, narratzailea Hamaseko kide baten semea zela jakin zen eta Glastonburyko jaialdian Bob Vylan bikotearen kontzertu bat zabaltzeagatik kritikatu zuten katea, Israelgo Defentsa Indarren (IDF) heriotza eskatu zutelako raperoek.
Erreakzioak
Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreak eta Reform UK eskuineko alderdi populistak dimisioak txalotu dituzte, eta esan dute, gainera, nazioarteko zerbitzuak eta Ekialde Ertaineko estaldurak "sakoneko berrikuspena" behar dutela, eta BBC Arabic kanala "kontrolpean" hartu behar dela.
"Gobernuak enpresak eraldatzen esperientzia duen norbait izendatu behar du, ahal dela sektore pribatukoa, ospea nola kudeatu eta aurrera nola begiratu ulertuko duena", esan du Reform UKko buruak.
"Hau da BBCren azken aukera: oraingoan asmatzen ez badu, jende askok uko egingo dio lizentzia ordaintzeari", ohartarazi du, Erresuma Batuan telebista dutenek kate publikoa finantzatzeko ordaintzen duten tasari erreferentzia eginez.
Ed Davey Alderdi Liberal Demokratako buruak, ordea, BBCk zerbitzu publiko gisa duen funtzioa defendatu zuen.
"Ez da perfektua, baina politikan eragiteko saiakera populistetatik gure balio britainiarrak babesten dituen erakunde bakarrenetakoa da", adierazi du.
Dimisioak txalotu ditu Trumpek
Donald Trump AEBko presidenteak txalotu egin ditu dimisioak.
"BBCko goi-kargudunek, Tim Davie buruzagiak barne, dimisioa eman dute/kaleratu egin dituzte nire urtarrilaren 6ko hitzaldi bikaina (perfektua!) manipulatzen harrapatu dituztelako", idatzi du Trump presidenteak Truth Social plataforman.
Agintariak eskerrak eman dizkie 'The Telegraph' egunkari britainiarreko langileei, BBCren barne memorandumaren xehetasunak argitaratzean polemika azaleratzeagatik.
Zure interesekoa izan daiteke
NASAk "Artemis II" misioaren atzerako kontaketa abiatu du, eta jaurtiketarako "bikain" dagoela esan du
50 urteren ondoren, astronautak ilargiaren orbitara itzultzea du helburu misioak, eta dena prest dute biharko jaurtiketarako.
Hiru kasko urdin hil dira Libanon, Iranen aurkako gerrak 32 egun bete dituenean
Nazio Batuen Erakundeko Libanoko Bitarteko Indarreko (FINUL) bi militar indonesiar hil dira astelehen honetan Marjaayounen, Libano hegoaldean, jaurtigai batek haien autoaren kontra jota. Igandean beste kasko urdin indonesiar bat hil zen, egile ezezaguneko beste eraso batean, FINULen arabera.
Iritsi da Kubara petrolioa daraman Errusiako itsasontzia
Donald Trump AEBko presidenteak igandean iradoki zuen blokeoa kendu behar zuela: “Biziraun beharko dute”.
Iranek salbuespenak egingo ditu Ormuzen, erasoa lurrez ere egin ala ez aztertzen dabil AEB, eta Israelek Libano hegoaldera tropa gehiago bidaliko ditu
Teheranek Ormuzko itsasartean zehar 20 petrolio-ontzi ibili daitezen ahalbidetuko du. AEBk tropak ugaritu ditu inguru horretan, eta lurreko erasoaldia etortzear egon daiteke.
Israelek galarazi egin dio patriarka latinoari Erramu eguneko meza ematea Jerusalemgo Hilobi Santuan, eta kritika oldea eragin du nazioartean
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Israelen duten enbaxadoreak ere Israelgo Gobernuari eman ohi dion babesa hautsi du eta ez zegoela erabaki hori hartzeko arrazoirik esan du. Italiak, Frantziak, Portugalek, Poloniak eta Palestinako Agintaritzak gertatutakoa salatu dute.
Tel Aviven eta Haifan gerraren kontrako protesta egin duten ehunka manifestariren aurka oldatu da Israelgo Polizia
Manifestazioak egin dituzte, 19:00etan (16:00 GMT) hasita, Israelgo hainbat hiritan, "Gure bizitza guztien alde" lelopean. Zenbait diputatu ohik eta bakearen aldeko erakundek deitu dituzte protesta horiek.
AEBk 3.500 soldadu daramatzan gerraontzia bidali du Iranen kontrako gerrara
Pentagonoak Ekialde Hurbilera 10.000 soldadu gehiago bidaltzea aurreikusi duela jakin eta biharamunean zabaldu da albistea. Gaur da hilabete AEBk eta Israelek Irani lehen aldiz eraso ziotela, eta are gehiago gaiztotu da gatazka, Yemengo huthiak sartu baitira gerran.
Huthiak Irango gerran sartu dira Israeli misilekin eraso eginez
Palestina hegoaldera jaurti dituzte misil balistikoak Israelen aurka.
G7ak eta EBk Ormuzko itsasartea irekitzeko eta inguruko herrialdeak pairatzen ari diren “ondorioak” arintzeko deia egin dute
Mendebaldeko herrialde boteretsuenen Atzerri ministroek, baita AEBkoak ere, “populazio zibilaren eta azpiegituraren aurkako erasoak berehala eteteko” eskatu dute.
Trumpek apirilaren 6ra arte luzatu du Ormuzko itsasartea berriro irekitzeko ultimatuma
AEBk Ekialde Hurbilera 10.000 soldadu gehiago bidaltzea aztertzen ari da, Teheranen gaineko presioari eusten dion bitartean eta arazoak luze joko duela ikusita.