NASAk "Artemis II" misioaren atzerako kontaketa abiatu du, eta jaurtiketarako "bikain" dagoela esan du
50 urteren ondoren, astronautak ilargiaren orbitara itzultzea du helburu misioak, eta dena prest dute biharko jaurtiketarako.
Dena ondo bidean, ordu gutxiren buruan gizateriak ilargia zapalduko du berriro. NASAk astelehen honetan hasi du Artemis II ontziaren jaurtiketarako atzerako kontaketa. Misio historikoa izango da; izan ere, 50 urteren ondotik, astronautak ilargiaren orbitara itzuliko dira. Agentzia espazialak adierazi duenez, programa “bikain” dago. Beraz, ezustekorik ezean, bihar, asteazkena, apirilak bat, jaurtiko da Artemis II.a.
Atzera kontaketa astelehen arratsaldean abiatu zuten, eta jaurtiketaren aurreko azken fasea ofizialki abiatu zuten. Hala jakinarazi du NASAk atzo egin zuen prentsaurrekoan. Ia ziurra da ontzia jaurti egingo dutela (% 80), eta agentziak ohartarazi du arrisku nagusiak haize zakarra eta hodeiak izan daitezkeela.
Charlie Blackwell-Thompson Artemisen jaurtiketa zuzendariaren hitzetan, "une honetan, bikain gaude".
SLS (Space Launch System) suziria eta Orion ontzia Kennedy Espazio Zentroko jaurtiketa plataforman daude jada, eta bertatik aireratzea aurreikusita dago asteazkenean, 18:24an (22:24 GMT).
Aireratzearen bezperan, agentziak dena prest du. Lau astronauta ilargiaren orbitara eramatea aurreikusten du misioak, Apolo 17tik lehen aldiz. NASAko tripulazioa ondorengo astronautek osatzen dute: Reid Wisemanek, Christina Koch Victor Gloverrek eta Jeremy Hansek.