Errusiako Estatu Nagusiko operazio burua hil dute Moskun, bonba-auto batekin egindako atentatu batean
Hasiera batean, Errusiako Instrukzio Batzordeak Ukrainako inteligentziari egotzi dio erasoa.
Fanil Sarvarov Errusiako Armadako Estatu Nagusiko operazio-burua hil da astelehen honetan Mosku hegoaldean, bonba-auto batekin egindako atentatu batean, Errusiako Instrukzio Batzordeak jakitera eman duenez.
Leherketa jenerala bizi zen etxetik 150 metrora zegoen aparkaleku batean gertatu da eta, Kommersant egunkariak jakinarazi duenez, leherketa mina magnetiko batek eragin du, autoaren behealdean itsatsita zegoena.
Svetlana Petrenko Instrukzio Batzordearen bozeramaileak adierazi duenez, ikertzaileak hainbat bertsio baloratzen ari dira, eta Ukrainako inteligentzia-zerbitzuak erantzule izatea, besteak beste.
Sarvarov 1969an jaio zen, eta Kazango Tankeen Goi Akademian, Blindatuen Akademia Militarrean eta Errusiako Estatu Nagusiko Akademia Militarrean trebatua da.
2022an sartu zen Ukrainako Mirotvorets webgunean, non "Ukrainaren etsaiak" agertzen diren.
Gerra hasi ondoren, Ukrainak bere gain hartu izan ditu antzeko atentatuak, eta, besteak beste, Yaroslav Moskalik teniente jenerala, Errusiako Indar Armatuen Estatu Nagusiko operazio agintearen buruzagiordea, eta Igor Kirilov teniente jenerala, Errusiako defentsa erradiologiko, kimiko eta biologikoaren burua, hil ditu.