Bonba batek eztanda egin du Siriako Homs hiriko meskita alaui batean, eta gutxienez zortzi pertsona hil dira
Leherketa ostiral eguerdiko otoitza egiten ari zirela izan da, eta, ikerketaren lehen datuen arabera, bonba tenpluaren barruan zegoen jarrita.
Bonba batek eztanda egin du Siriako Homs hiriko Imam Ali bin Abi Talib meskitan, eta gutxienez zortzi pertsona hil eta beste 18 zauritu dira, SANA Siriako albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Leherketa ostiral eguerdiko otoitza egiten ari ziren momentuan izan da, eta, ikerketaren lehen datuen arabera, bonba tenpluaren barruan zegoen jarrita.
Komunikatu batean, Siriako Atzerri Ministerioak gaineratu du eraso hori "giza balioen eta balio moralen urraketa nabarmena" dela, eta "Estatu Islamikoa talde terroristaren saiakeren parte" dela, "segurtasuna eta egonkortasuna ahultzeko eta herrialdean kaosa zabaltzeko".
Ansar al Sunna muturreko talde sunitak bere gain hartu du atentatua. Talde horrek ekainean hiriburuko eliza batean, Damaskon, izandako atentatu baten erantzukizuna aldarrikatu zuen, eta bere propaganda kanalen bidez argitaratutako mezu labur batean azpimarratu duenez, erasoak "areagotzen jarraituko dute eta fedegabe eta apostata guztiak seinalatuko dituzte".