Europa indartzeko eta AEBrekiko harremana bideratzeko deia egin du Merzek, potentzia handien garaian
Alemaniako kantzilerrak europarren aldeko deia egin du Municheko Segurtasun Konferentziaren (MSC) irekiera ekitaldian. 120 herrialdetako 200 estatuburu, gobernuburu eta ministro biltzen ditu hitzordu garrantzitsu horrek.
Munduko potentzia handiek nazioarteko zuzenbideari muzin egiten dioten unean Europa indartzeko deia egin du Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, harreman transatlantikoa konpontzea erabakigarria dela iritzita.
Municheko Segurtasun Konferentziaren (MSC) irekieran, europarrei arreta eskaintzeko deia egin du Alemaniako kantzilerrak. 120 herrialdetako 200 estatuburu, gobernuburu eta ministro biltzen dituen hitzordu horrek aldebiko kontaktu eta bilera informal ugari ahalbidetzen ditu, hala nola, Merz bera Volodímir Zelenski Ukrainako presidentearen artean izandako topaketa edota Marco Rubio AEBko Estatu idazkariarekin izandako elkarrizketa.
Merzek azpimarratu du munduko potentzia handien portaerak baldintzatutako aro batean murgilduta gaudela, nazioarteko zuzenbidea errespetatzen ez duena: "Eskubide eta arauetan oinarritutako nazioarteko ordena suntsitzen ari gara. Beldur naiz oraindik argiago esan behar dugula: ordena hori, bere garairik onenetan ere inperfektua izan arren, ez da existitzen jada".
Gainera, Alemaniako kantzilerrak agerian utzi du Aliantza Atlantikoarekiko eta AEBekiko harreman emankorra izatearekiko duen atxikimendua. Azken hilabeteotan, ordea, Groenlandiarekiko jarrerak, adibidez, nabarmen zaildu ditu harremanak.
"Konpon dezagun konfiantza transatlantikoa eta berpiztu dezagun elkarrekin", eskatu die Merzek AEBko "lagunei", aurrean Marco Rubio bera eta AEBko Kongresuko berrogei ordezkariko talde bat zituela.
"Duela hiru belaunalditik hona , aliatuen, bazkideen eta lagunen arteko konfiantza izan da NATO garai guztietako aliantzarik indartsuena bihurtu duena. Europak badaki horren balioa ", esan du Merzek , eta nabarmendu du AEB mugan egongo dela nazioarteko politikaren garai berrietako erronka guztiak berak bakarrik bere gain hartzen baditu.
Zelenskik, nazioarteko hainbat buruzagiren babesa jaso du, eta Ukrainako energia sektorea nola babestu aztertu dute, negu honetan Errusiak egindako azken bonbardaketen helburu izan baita. Trumpek, Errusiarekin akordioa sinatzeko eta uda aurretik presidentetzarako hauteskundeak egiteko eskatu dio behin eta berriro azkenaldian.
Bestalde, Rubiok, larunbatean Municheko konferentzian parte hartuko duenak, X sare sozialean azaldu duenez, AEBren eta Europaren arteko elkarkidetza indartzea izan da Merzekin jorratutako gaietako bat, nahiz eta bere bileran premiazko beste gai batzuk ere jorratu dituzten, hala nola Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrari amaiera emateko ahaleginetan aurrera egitea.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, berriz, "Errusiarekin komunikazio bidea berrezartzeko" asmoa agertu du, Ukrainako presidentearekin izandako bileraren ondoren.