Israelek eta Libanok su-etena 45 egunez luzatzea adostu dute
Israelen erasoek ez dute etenik izan azken orduotan Libano hegoaldean, eta hainbat hildako eta dozenaka zauritu izan dira. Negoziazioek su-etena finkatzea eta bake itun baten oinarriak finkatzea dute helburu. Ildo horretatik, Beirutek tropa israeldarrak erretiratzea eskatzen du, eta Israelek Hezbollah taldearen desarmea.
Israelek eta Libanok apirilaren 16tik indarrean dagoen su-etena 45 egunez luzatzea adostu dute Washingtonen, AEBren bitartekaritzarekin. Halaber, ekainaren 2 eta 3rako bake negoziazioen beste erronda bat eta maiatzaren 29an Pentagonoan bilera militar bat egitea hitzartu dute.
Elkarrizketak bi egunez luzatu dira Washingtonen, eta ostiral honetan amaitzen zen su-etena luzatzea izan dute helburu. Alabaina, Israelek hainbatetan urratu du akordioa, bereziki Libano hegoaldean egindako eraso armatuetan.
Hala, Israelen erasoek ez dute etenik izan azken orduotan Libano hegoaldean, eta hainbat hildako eta dozenaka zauritu izan dira, nahiz eta ostiral honetan su-etena 45 egunez luzatu. Ildo horretatik, dagoeneko 2.800 hildako eta 8.900 zauritu zenbatu dituzte inguruan.
AEBk bake iraunkorra lortzeko asmoa berretsi du elkarrizketa horietan, eta, helburu horretan aurrera egiteko, subiranotasuna elkarri aitortzeko eta partekatutako mugan segurtasuna indartzeko eskatu die bi aldeei.
Israelek eta Libanok ez dute harreman diplomatikorik, eta apirilean bi bilera egin zituzten su-etena adostu eta zabaltzeko.
Hala ere, su-etena indarrean sartu ondoren, Israelek Libano hegoaldea bonbardatzen jarraitu du, eta Hezbollah taldeak eraso egin die Israelgo indar armatuei. Gainera, zenbait lehergai jaurti dituzte Israelen kontra.
Testuinguru horretan, Joseph Aoun Libanoko presidenteak adierazi zuen Israelen erasoek zaildu egiten dituztela gatazka armatua bukatzeko ahaleginak. Orain, negoziazioek su-etena finkatzea eta bake itun baten oinarriak finkatzea dute helburu. Ildo horretatik, Beirutek tropa israeldarrak erretiratzea eskatzen du, eta Israelek Hezbollah taldearen desarmea.