Gorde
Kendu nire zerrendatik

Negoziazioak

Irango buruzagi berriekin negoziatzeko prest agertu da Trump

"Hitz egin nahi dute, eta onartu egin dut; beraz, haiekin hitz egingo dut", adierazi du telefonoz egin dioten elkarrizketa batean. Hala ere, ez du zehaztu noiz hasiko diren negoziatzen. Bestalde, Omango Atzerri ministro Badr al Busaidik ziurtatu du Irango bere kide Abas Araqchik esan diola eginahalak egingo dituela erasoak gelditzeko eta egonkortasuna berreskuratzeko"

Washington (United States), 30/01/2026.- US President Donald Trump signs executive orders in the Oval Office at the White House, Washington, DC, USA, 30 January 2026. EFE/EPA/FRANCIS CHUNG / POOL

Donald Trump AEBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

AEBko presidente Donald Trumpek adierazi duenez, Irango buru berriekin negoziatzeko prest dago, Irango Islamiar Errepublikako buruzagi goren Ali Khamenei hil ostean.

"Hitz egin nahi dute, eta onartu egin dut; beraz, haiekin hitz egingo dut", esan du The Atlantic aldizkari estatubatuarrari telefonoz emandako elkarrizketan.

Teheranekin hasitako negoziazio nuklearrek porrot egin ostean, beste erasoaldi bat abiatu zutela iragarri zuen larunbatean Trumpek. Horrekin lotuta, Iran berandu dabilela gaineratu du, hots, akordioa lortzeko denbora gehiegi itxaron duela. "Lehenago egin behar zuten, oso erraza zen. Gehiegi itxaron dute", esan du.

AEBko presidenteak ez du zehaztu noiz hasiko diren negoziazioak, baina orain arteko negoziazioetan parte hartu duten Irango buruzagietako batzuk hil egin direla erantsi du.

Bestalde, CBC telebista kate estatubatuarrari eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu du Iranen aurkako operazioa uste baino azkarrago doala.

Omanek ziurtatu du Iran "egonkortasuna berreskuratzeko" pronto dagoela

Bestalde, Omango Atzerri ministro Badr al Busaidik ziurtatu du Irango bere kide Abas Araqchik esan diola eginahalak egingo dituela erasoak gelditzeko eta egonkortasuna berreskuratzeko", Omango ONA agentziak jakitera eman duenez.

Irango IRNA agentziak ere Al Busaidiren adierazpenen berri eman du. Azken honek, gerra piztu aurretik, bitartekari lanak egin nahi izan zituen Washingtonen eta Teheranenen artean, arrakastarik gabe baina.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X