Hainbat pertsona hil dira Israel eta Iranen arteko eraso trukean
Alde batetik, Israelek hainbat eraso burutu ditu gaur Teheranen. Bestalde, bederatzi pertsona hil dira Israel erdialdean misil batek jota. Gainera, AEBko hiru militar zendu dira estatubatuarrek eta israeldarrek Iranen aurkako operazioa abiatu zutenetik.
Israelgo hegazkinek beste eraso sorta bat egin dute Teheranen aurka igande honetan, Israelgo Defentsa Indarrek Telegram bidez jakinarazi dutenez. Antza denez, egoitza ofizialak dauden zonaldeak jo dituzte.
Irango telebista publikoak X sare sozialean zabaldu duenaren arabera, AEBko eta Israelgo indarrek Teherango egoitzak bonbardatu dituzte, Irango Ilargi Gorriaren esanetan.
Irango telebistak Teheranen duen eraikinaren aurka ere egin dute, Saudi Arabiako Al-Arabiya hedabidearen arabera.
"Lehoiaren orroa operazioa hasi denetik lehen aldiz, FDI (Israelgo Defentsa Indarrak) Irango erregimen terroristaren egoitzen kontra egiten ari da Teheranen bihotzean", adierazi du Israelgo erakunde militarrak.
"Israelgo Aire Indarrak, FDIren inteligentziak gidatuta, Irango erregimen terroristaren helburuen aurkako erasoak hasi ditu Teheranen", gaineratu du.
Bederatzi israeldar hil dituzte
Beit Shemesh herrian, Israel erdigunean, 9 lagun hil dira Iranek jaurtitako misil batek harrapatuta, larrialdietarako zerbitzuek emandako datuen arabera.
Gainera, 28 pertsona zauritu dira, misil horren eraginez: 2 oso larri, 2 larri eta 24 arin.
AEBko 3 militar hil dira
Gutxienez 3 militar estatubatuar hil eta 5 larri zauritu dira AEBk "Israeli laguntzeko operazioa" abiatu zuenetik.