EKIALDE HURBILA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Israelek galarazi egin dio agintari katoliko gorenari Erramu Eguneko meza ematea Jerusalemgo Hilobi Santuan, eta kritika oldea eragin du nazioartean

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Israelen duten enbaxadoreak ere Israelgo Gobernuari eman ohi dion babesa hautsi du eta ez zegoela erabaki hori hartzeko arrazoirik esan du. Italiak, Frantziak, Portugalek, Poloniak edo Palestinako Agintaritzak ere gertatutakoa salatu dute.

PIERBATTISTA PIZZABALLA
Pizzaballa kardinala artxiboko irudi batean Argazkia: EFE

Israelgo Poliziak Jerusalemgo Eliza Katolikoko buru den Pierbattista Pizzaballa kardinalari Hilobi Santuko elizan sartzea galarazi dio gaur, Erramu Igandeko meza ematera zihoala. Berari zein bere talde osoari buelta emanarazi diote, eta erabaki horrek kritika ugari eragin ditu nazioartean, eta Israelgo Gobernuaren aurkako salaketak areagotu ditu, Jerusalemgo gainerako komunitate erlijiosoen jarduera murrizteagatik.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, babes osoa agertu dio Poliziari, eta zuzen jokatu dutela esan du.  

Bere bulegoak argitaratutako ohar batean, Netanyahuk adierazi du erabakia "segurtasun arrazoiengatik" hartu dutela, Iran "leku sakratuei misilez eraso egiten ari delako". 

Iranek erabat ukatu du, ordea, Jerusalemgo gurtza-tokiak erasotzen ari denik, eta ziurtatu du bere erasoak Israelgo eta AEBetako posizio militarren aurkakoak direla.

AEBko enbaxadoreak "botere-abusu tamalgarria" ikusten du Jerusalemgo patriarkari egindakoan

AEBk Israelen duen enbaxadore Mike Huckabee atsekabetuta agertu da Pizzaballa kardinalari ezarritako debekuarekin.

Huckabeeren ustez, gertatutakoa "botere-abusu tamalgarria da, eta dagoeneko mundu mailan ondorio garrantzitsuak izaten ari da".

Huckabeeren gaitzespenak pisu berezia du, Arkansasko gobernadore ohia eta ministro bataiatzailea Israelen aliatu estu-estua baita. "Zaila da ulertzea edo justifikatzea patriarkari Erramu Igandean elizara sartzea galaraztea zeremonia pribatu baterako", gaineratu du Huckabeek.

Espainiak, Frantziak, Portugalek, Poloniak, Italiak edo Palestinako Agintaritzak ere salatu dute gertatua.

Espainiako presidente Pedro Sanchezek esan du ez del onargarria erlijio-askatasunari justifikaziorik gabe erasotzea.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X