Ehiza hegazkinak eraisteak ez du eraginik Iranekin egiten ari diren negoziazioetan, Trumpen arabera
Hala ere, su-etena lortzeko negoziazioak "itopuntuan" daudela adierazi dute bitartekariek. Iranek saria eskaini du pilotuak harrapatzeagatik, eta Israel Libanon jartzen ari da indarra.
Iranek eraitsitako ehiza hegazkinaren hondarrak, Irango telebista ofizialean.
Ekialde Hurbilean egoerak gori-gori jarraitzen du. Horren erakusle dira Iranek AEBko ehiza hegazkinak bota izana, Iranek Israelen aurka egindako erasoak eta Israelek Libanoren aurka abiatu duen erasoaldia.
Irango Indar Armatuek Ormuzko itsasartetik gertu AEBko A10 hegazkin bat eraitsi dutela jakinarazi dute ostiral arratsaldean, F15 ehiza hegazkin bat bota dutela baieztatu ostean.
"Duela ordubete, etsai sionista estatubatuarraren A10 hegazkin bat geldiarazi dute hegoaldeko uretan, Ormuzko itsasartearen inguruan, herrialdeko aireko defentsa sistemek", adierazi du Armadak IRIB telebista kate ofizialaren bidez zabaldutako ohar batean.
A10 Warthog hegazkin bat da, eta pilotua "onik eta salbu" erreskatatu dute, New York Times egunkariaren arabera. F15 bat bota duten eremu berean eraitsi omen dute A10 Warthog hegazkina. F15aren tripulatzaileetako bat ez dute aurkitu oraindik.
Donald Trump AEBko presidentearen hitzetan, eraso horiek ez dute eraginik izango Iranekin dituzten negoziazioetan. "Ez, inola ere ez. Ez, gerra da. Gerran gaude", erantzun du horren inguruan galdetu diotenean. Hala ere, bitartekariek The Wall Street Journal egunkariari jakinarazi diotenez, Washingtonen eta Teheranen arteko su-etena lortzeko ahaleginak "itopuntuan" daude.
Bestalde, Irango agintariek bilaketa operatiboa abiatu dute Irango hego-mendebaldeko Kohkiluyeh eta Buyer Ahmand probintzian, AEBko bigarren tripulatzailea erori omen den eremuan. Eskualdeko tokiko agintariek "aitorpen berezia" agindu dute eraitsitako hegazkineko tripulatzailea harrapatzen edo hiltzen duenarentzat.
Hirugarren gertaera batean, erreskate lanetan parte hartzen ari zen Black Hawk UH60 batek larrialdiko lurreratzea egin behar izan du Iraken, tripulatzailea bilatzen ari zela Iranek eraso egin ostean.
Israel Libanon
Hezbollah talde xiitaren adar politikoak ostiral honetan ohartarazi duenez, Israelek Libano hegoaldea okupatzeko duen plana mehatxu "larria" da herrialdearentzat, eta Estatuari eta Libanoko beste eragile batzuei mobilizatzeko deia egin die, erasoari aurre egiten laguntzeko.
Israelek aste honetan bi herrialdeen arteko muga, Litani ibairaino doan zerrenda, kontrolatzeko asmoa berretsi ondoren egin du deia.