Gerra Iranen
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Trump: "Ormuz zabaldu ezean, gau bakarrean suntsi dezakegu herrialde osoa"

Euskal Herrian goizaldeko 02:00ak direnean amaituko da Ormuzko itsasartea zabaltzeko Trumpek Irani emandako epea. Iranek Pakistanen bitartekaritzarekin proposatutako 10 puntuko dokumentua ez zaio, nonbait, nahikoa iruditu AEBko presidenteari. Iranek esan du negoziazioak ez direla mehatxuekin bateragarri. Israelek, bitartean, irandarrei ohartarazi die ez daitezela trenean ibili ez badute euren bizitza arriskuan jarri nahi.

18:00 - 20:00

Donald Trumpek Ormuzko itsasartea irekitzeko Irani emandako epea amaitzeko ordu gutxi falta direnean, AEBko presidenteak presioa handitu du, esanez, itsasartea ireki ezean, “herrialde osoa gau batean suntsi” daitekeela, eta hori “bihar gauean” izan litekeela.

Izan ere, Trumpi ez zaio gustatu Iranek Pakistanen bitartez aurkeztutako bake plana. 10 puntuko dokumentua da, gerra behin betiko amaitzea duena helburu, aldi baterako ezein su-eten erabat baztertuz. Liskarren amaiera, Ormuzko itsasartetik modu seguruan igarotzeko protokoloa eta Iranen gaineko zigorrak kentzea jartzen ditu, beste baldintza batzuen artean, Iranek.

Trumpen ustez, Iranen plana proposamen “esanguratsua” da, baina “ez da nahikoa ona”. Hala ere, Iran bere herrialdearekin "fede onez" negoziatzen ari dela uste du, eta ultimatuma bete baino lehen "akordioa lortzea gustatuko litzaiekeela" ziurtatu du.

Bere gustuko akordiorik ez badago ordea, Trumpek ohartarazi du herrialdeko zubi guztiak eta zentral elektrikoak bonbardatuko dituela, “lau ordutan” dena txikituko dutela.

Igandean, Donald Trumpek atzeratu egin zuen Irani Ormuzko itsasartea berriz irekitzea exijituz emandako ultimatuma, jatorrizko 10 eguneko epeari 20 ordu gehitu zizkion, eta astearteko 20:00etan (02:00etan Euskal Herrian) jarri zuen epemuga berria. Ziurtatu du oraingoan ez duela ultimatuma atzeratuko, eta ikusteko dago zer egingo duen datozen orduetan.

Baina Etxe Zuriko maizterra haratago doa, eta ekintza militarra justifikatzen du esanez irandarrak “haserretu” egiten direla bonbak erortzen ikusten ez badituzte; “askatasuna nahi duten irandarren alde” daudela azpimarratu du: “Irango herria haserretu egiten da bonbak erortzen entzuten ez dituenean. Bonbak entzun nahi dituzte libre izan nahi dutelako. Protesta egitera ateratzen ez badira, hori da badakitelako protesta egiten badute berehala exekutatuko dituztela”, adierazi du.

Bestalde, Teheranek ohartarazi du ez duela negoziatuko "gerra krimenen mehatxupean". “Negoziazioa ez da inolaz ere bateragarria ultimatumarekin, krimenekin edo gerra krimenak egiteko mehatxuekin”, adierazi du prentsaurreko batean Ismail Bagaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Trumpek ez du lortzen Iranek amore ematea eta mehatxuekin jarraitzen du. Planik onena duela dio, baina ez du plana zein den argitzen.

Israelen ohartarazpena

Bien bitartean, Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) abisua igorri diete irandarrei, Irango 21:00ak arte (18:00 GMT) trenetan ibiltzea saihestu dezatela esanez, ez badute bizitza arriskuan jarri nahi.

"Irango trenen erabiltzaile guztiei premiazko ohartarazpena. Zuen segurtasunagatik, ez erabili trenak Iran osoan une honetatik hasi eta Iranen 21:00ak diren arte", argitaratu du astearte goizean Israelgo Armadak X kontuan. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X