Magyarrek garaipen argia eskuratu du Orbanen aurrean, eta aurrekaririk gabeko gehiengoa lortu du Hungarian
Peter Magyar kontserbadorearen garaipenak aro politiko berri bat abiatu du herrialdean, urte luzez Europar Batasunarekin tirabirak izan ondoren, norabide europeista hartuta.
Peter Magyar, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Hungariako oposizioak amaiera eman dio, igande honetan, Viktor Orbanen 16 urteko Gobernuari, Legegintzarako hauteskundeetan garaipen sendoa lortuta. Peter Magyar buruzagi kontserbadoreak garaipen argia eskuratu du bozketan, eta Parlamentuaren bi heren baino gehiago lortu ditu, buruzagi ultranazionalistak hamarkada bat baino gehiagoan bultzatutako politikak iraultzeko gehiengo nahikoa.
Botoen % 53,5 eskuratuta, Tisza alderdiak Parlamentuko 199 eserlekuetatik 138 eskuratu ditu, Ganberaren % 70 inguru, eta Orbanen Fideszek 54 diputatu eta % 38ko babesa lortu du.
Emaitza Orbanen hegemonia politikoaren amaiera da, eta haren botere eredua desegiteko atea ireki du. Eredua 2010az geroztik eraiki da, konstituzio eta hauteskunde-sisteman erreformak eginda. Bruselatik etengabeko kritikak jaso ditu, zuzenbide estatuaren narriadura egotzita, eta prentsa askatasuna eta independentzia judiziala urratzeagatik.
Parte-hartzea % 79,5era iritsi da, 1989an Altzairuzko Oihala jaitsi zenetik izandako handiena, eta aldaketa politikoa nahi zuten herritarren mobilizazioa islatu du.
Garaipena baieztatu ostean, Magyarrek, jarraitzaileen aurrean, esan du "elkarrekin Orbanen sistema bertan behera utzi" dutela, eta mezu europazale argia zabaldu du: "Gure aberriaren lekua Europar Batasunean zegoen, badago eta egongo da ".
Hauteslekuak itxi eta bi ordu eta erdira onartu du Orbanek galdu egin duela, eta aitortu du emaitza "mingarria" dela, eta ez dutela agintean jarraitzeko agindurik jaso. Orain arte lehen ministro izan dena populismo ultranazionalistaren erreferente nagusietako bat izan da Europan, baita Errusiaren gertuko aliatu bat ere.
Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak adierazi duenez, Hungariak "Europaren alde bozkatu du", eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Europako balioekin duen konpromisoa azpimarratu du. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere bat egin du zorion mezuekin.
Agertoki politiko berriak ziurgabetasun aro bat ireki du Magyar bere promesak betetzeko eta gehiengo parlamentario zabal bat kudeatzeko gai ote den, Orbanen Gobernuaren urteetan eraldaketa sakona izan duen herrialdean.
Erreakzioak
HAUTESKUNDEAK
EBk ospatu egin du Hungariak "Europarako bidea" hartu izana, eta Errusiak harreman "pragmatikoa" espero du
Europako buruzagi ,ia guztiek ospatu dute Hungariako aldaketa politikoa, Europar Batasunaren proiektua indartuta ikusten dutelako. Kremlinek adierazi du harreman ona izan nahi duela agintari berriekin, Europako gainerako herrialdeekin bezalaxe.
Zure interesekoa izan daiteke
Migratzaileen erregularizazioa "Espainiari dagokio, baina eragina du haratago”, Von der Leyenen ustez
Trumpek, bere bozeramaile berriari: "Ni zu banintz, karguan jarraitzea ala ez hausnartuko nuke"
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango