EBk ospatu egin du Hungariak "Europarako bidea" hartu izana, eta Errusiak harreman "pragmatikoa" espero du
Europako buruzagi ,ia guztiek ospatu dute Hungariako aldaketa politikoa, Europar Batasunaren proiektua indartuta ikusten dutelako. Kremlinek adierazi du harreman ona izan nahi duela agintari berriekin, Europako gainerako herrialdeekin bezalaxe.
Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak poza agertu du igande honetan Hungariak "Europarako bidea" hartu du izana, Peter Magyar kontserbadorearen Tisza oposizioko alderdiari garaipena eman dioten Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean.
"Hungariak Europa aukeratu du. Europak beti aukeratu izan du Hungaria. Herrialdeak Europarako bideari ekin dio berriro. Indartu egin da Batasuna", esan du Europar Batasunaren buruak sare sozialetan, mezu baten bidez.
Von der Leyenek, gainera, Magyarrekin hitz egin zuen, emaitzen ostean presidente berria zoriontzeko, eta biek " lankidetza estua" izatea adostu zutela jakinarazi du Paula Pinho Europako Batzordearen bozeramaileak.
Bestalde, Europako Kontseiluaren presidente Antonio Costak adierazi duenez, "parte-hartzearen datuek uzten dute hungariar herriaren espiritu demokratikoa".
Halaber, Hungariako buruzagi berriarekin "lankidetza estuan" jardun nahi duela esan zuen, "Europa leku indartsuagoa eta oparoagoa izan dadin".
Roberta Metsola Europako Parlamentuaren presidenteak ere zoriondu zuen Magyar, Europako Alderdi Popularreko eurodiputatua, eta gaineratu zuen "Hungariaren lekua Europaren bihotzean" dagoela.
Errusiak harreman "pragmatikoa" nahi du
Kremlinek, aldaketa politikoaren aurrean, esan du harreman "pragmatikoa" izaten jarraitu nahi duela Hungariarekin, hauteskundeetan bere gertuko aliatua izan denak porrota jaso ostean.
Dmitry Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramaileak esan du hungariarren erabakia errespetatzen duela, eta bi herrialdeen arteko harreman onari eusti nahi diola.
Peskovek baztertu egin du Magyarrek lortutako garaipenak Ukrainako gerran eraginik izatea, Hungariako gobernu berriak Ukrainari laguntzak ematea eta Errusiari jarritako zigorrak ugaritzearen inguruan galdetuta.
"Nik ez dut uste horrek zerikusirik duenik Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkaren norabidearekin. Ziur aski, prozesu desberdinak dira, horregatik ez dut uste nolabait lotuta daudenik", esan du.
Horren harira, salatu du Brusela "Kieveko erregimenaren asmo militaristak" bultzatzen ari dela, eta horrek ez duela laguntzen konponbide baketsua bilatzen.
"Europarrek ez dute ezkutatzen gerrarekin jarraitzeko duten borondate orokorra, bide guztietatik gerraren jarraipena bermatzea. Gu, aldiz, gure helburuak lortzen saiatzen ari gara. Guretzat hobe litzateke negoziazio politiko-diplomatikoen bidez lortzea. Negoziazioek emaitzarik ez duten bitartean, operazio militar bereziak aurrera jarraituko du", adierazi du.
Europako liderren zorion mezuak
Europako buruzagi nagusiak pozik agertu dira Magyarren garaipena dela eta.
Hala, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, esate baterako, Magyar zoriondu du, eta harekin hitz egin zuen, babesa emateko: "Peter Magyarrekin hitz egin berri dut, Hungarian lortutako garaipenagatik zoriontzeko!", adierazi zuen Macronek.
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak ere zoriondu du Magyar garaipenagatik: "Hungariak erabaki egin du. Zorionak hauteskundeak irabazteagatik, Peter Magyar maitea. Ilusioz espero dut Europa indartsu, seguru eta, batez ere, batu baten aldeko lankidetza", idatzi zuen Mertzek X sare sozialean, Hungariako lehen ministroak, Viktor Orban ultranazionalistak, porrotaren berri eman eta gutxira.
Petteri Orpo Finlandiako lehen ministroak Hungariako hauteskundeen emaitzak pozik hartu zituen, eta esan zuen agerian uzten zutela EBn eta NATOn aktore aktiboa izan behar duela herrialdeak. Era berean, Hungariako emaitzek ematen duten aukera nabarmendu zuen: "Gure balio eta segurtasun komunitatean jokabide eraikitzailea duen eragilea izateko aukera. Peter Magyar zoriontzen dut. Espero dut ahal duen guztia egitea, konfiantza berreskuratzeko".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak garaipena ospatu zuen eta "Europak eta Europako balioek" irabazi dutela adierazi zuen. Gainera, txapela kendu zuen hungariar herriaren aurrean "hauteskunde historikoak" posible egiteagatik, eta Magyar harekin lan egitera gonbidatu zuen, "europar guztiek etorkizun hobea izan dezaten".
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Magyar zoriondu du, herrialdeari eta Europako demokrazian "abagune historikoa" etorrarazteagatik. "Zorionak, Peter Magyar, zure hauteskunde garaipenagatik. Une historikoa da hau, ez bakarrik Hungariarentzat, baita Europako demokraziarentzat ere", idatzi zuen Britainia Handiko buruzagiak X sare sozialeko bere profilean.
Ildo beretik mintzatu da Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa, eta Magyarren hauteskunde garaipen "argia" nabarmendu zuen: "Zorionak Peter Magyarri hauteskundeetan lortutako garaipen argiagatik, Italiako Gobernuak lan ona egitea opa dio", idatzi du ultraeskuineko agintariak, Viktor Orban bere "lagun" eta orain arteko homologoari eskerak eman aurretik.
Azkenik, Poloniako lehen ministroak, Donald Tuskek, zorion mezua bidali dio Magyarri Legebiltzarreko hauteskundeetan lortutakoagatik: "Hungaria, Polonia, Europa, berriro elkarrekin!", idatzi du agintari poloniarrak Xn.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere Magyarren "garaipen sendoa" azpimarratu du, eta bi herrialdeen arteko harreman nahasiak konpontzeko prest dagoela jakinarazi dio: "Ukrainak beti nahi izan du harreman onak izan Europako bizilagun guztiekin, eta prest gaude Hungariarekin dugun lankidetza areagotzeko".
Imanol Pradales lehendakariak ere Magyar zoriondu du.
Eslovakiako eta Txekiako Errepublikako gobernuek argi aitortu dute Orbanen porrotarekin aliatu bat galdu dutela, nahiz eta auzo herrialdeko Gobernu berriarekin harreman onak edukitzeko esperantza agertu.
"Viktor Orban aurkari gogorra da, eta hari aurre egitea sekula ez da erraza izan, baina hungariarren konfiantza eskuratu du, eta esperantza handia jarri dute beregan (Magyarrengan). Ezin du huts egin", idatzi du sare sozialetan Andrej Babis Txekiako Errepublikako lehen ministro populista eskuindarrak.
Robert Fico lehen ministro eslovakiar eta populista ezkertiarrak, bere aldetik, Orbanen itzala goraipatu du, eta hauteskunde emaitzak aintzat izango dituela adierazi du.
"Nire ibilbide politiko luzean, sekula ez dut ezagutu subiranotasunaren eta interes nazionalen defendatzaile handiagorik", adierazi du Orbanen gainean.
Zure interesekoa izan daiteke
Bruselak ez du frogarik ikusten Ceutako krisia atzerriko aktore estatalen desinformazioak eragin zuela ziurtatzeko
Hala ere, Errusiak krisia sare sozialetan aprobetxatzeko saiakerak antzeman zituela baieztatu du.
Alemaniak Errusia jo du Leipzigeko aireportuaren aurkako erasoaren erantzuletzat
Aireportu hori armak bidaltzeko gune neuralgikoa da, Ukrainako gerrarekin lotutakoak barne.
Mila lagun baino gehiago hil dira Nepalen uholdeen ondorioz, eta 3900 pertsona desagertu dira
21.000 agente baino gehiago ari dira bilaketa eta erreskate lanetan, eta 11.814 pertsona erreskatatzea lortu dute, 253 atzerritar barne.
Sheinek estreinako makala egin du Hong Kongeko burtsan, eta % 4ko galerekin dabil
Txinako ehungintza erraldoiak zulo handiekin hasi du burtsako ibilbidea, eta % 10eko galerak ere izan ditu uneren batean. Bien bitartean, gaur, asteartea, abiatuko du Frantziak negozio eredu horren aurkako eraso fiskala, produktu bakoitzaren gaineko 12 eurorainoko kargak martxan jarriz.
Epaimahai batek errudun jo du Duane "Keffe D" Davis, Tupac Shakur raperoaren hilketagatik
Duane "Keffe D" Davis errudun jo du epaimahai batek, lehen graduko hilketa leporatuta, Las Vegasen (Nevada), 1996an Tupac Shakur rap abeslari ikonikoa hil zuen tiroketa antolatzeagatik.
AEBk eta Iranek erasoei ekin diete berriro Ekialde Hurbilean
Armada estatubatuarrak bi plataforma bonbardatu ditu goizaldean eta bi pertsona hil ditu. Iranek Jordaniako eta Arabiar Emirerri Batuetako base militarrei eraso eginez erantzun du.
900 pertsona baino gehiago hil dira eta 4.200 daude desagertuta, Nepalgo uholdeen ondotik
39 herrialdetatik Nepalera joandako 590 lagun falta dira. Bestalde, Rasuwagadhi proiektu hidroelektrikoko tunel bateko bilaketa lanak amaitu dituzte. Uste zuten dozenaka langile zeudela bertan harrapatuta, baina ez dute inor aurkitu.
Tentsioak gora egin du Ekialde Hurbilean, Iranek eta AEBk elkarri eraso egin baitiote
AEBk Larek uhartea bonbardatu izanari erantzuteko, Washingtonek Jordanian eta Arabiar Emirerri Batuetan dituen instalazio militarren aurka jo du Teheranek. Gainera, "super petrolio-ontzi" batek su hartu du Ormuzen, bi mina lehertuta.
Gutxienez pertsona bat hil eta 15 desagertu dira Coloradoko Arroila Handian bat-batean izandako uholdeetan
Ekaitz eta euri-jasa handiak aurreikusi dituzte, eta "bat-bateko ur-goraldiak, lur- eta harri-jausiak" egon daitezkeela ohartarazi dute.
Gutxienez zortzi pertsona hil dira Zipren ferry bat hondoratuta, eta eskifaia guztia atxilotu dute
Ontziak 259 bidaiari eta tripulazioko zortzi kide zeramatzan, eta Kireniako portutik abiatu eta gutxira irauli da, kostaldetik bi kilometro ingurura. Erreskate taldeak desagertuta dauden 17 lagunen bila ari dira.