Hungaria
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Peter Magyar, Orbanen nagusitasunari amaiera eman dion kontserbadorea

Arlo ekonomikoan modernizatzaile, eta sozialean, kontserbadore, Magyar gai izan da bere inguruan biltzeko ofizialismoan jada gustura ez zeuden horiek, bai eta oposizio liberala eta, are, progresista ere, Orbanen eta haren Fideszen 16 urteko agintearen ostean, aldaketa gosez zirenak, guztiak ere. Ustelkeriaren kontrako diskurtso indartsuarekin, erakundeak "garbitzera" dator, funts europarrak berreskuratzera eta ekonomia biziberritzera. 

Peter Magyar Hungaria, Hungría

Peter Magyar, bart, hauteskundeetako garaipena ospatzen. EFE.

Tisza alderdiaren lemazain, Peter Magyar hauteskunde legegileen irabazle denak eta Hungariako lehen ministroa izango denak, Viktor Orban lehen ministro ahalguztidun eta ultra-nazionalistaren hegemoniarekin nazkatuta zeudenen nahiak biltzea lortu du, diskurtso kontserbadore eta ustelkeriaren kontrako batekin. 

45 urteko jurista karismatikoa ezezaguna zen ia 2024ra arte, baina politikagintzaren hondarretan agertu zenez geroztik, indartsu agertu izan da; izan ere, iritzi-inkesten buru zen duela urtebete baino gehiagotik hona. 

2024ra arte Orbanen taldean ibilitakoa, harekin haustea erabaki zuen pederastia delituak ezkutatzeagatik kondenatutako gizaseme bati indultua eman ziolako. 

Tiszaren lidergoa hartu eta hilabete gutxira, Europako hauteskundeetan botoen ia % 30 lortu zituen, eta zazpi ordezkari bidali Euroganberara, Magyar bera tartean, eurodiputatu baita. Europako Alderdi Popularrarekin bat egin zuen bertan. 

Orain aurkari izan duen alderdia barrutik ongi ezagutzeak aukera eman dio hungariarrei aldaketa eta alternatiba bat eskaintzeko. Hurbileko komunikazioa gehitu dio haren estrategiari, ustelkeriaren aurkako diskurtso nabarmenarekin eta irudi gazte eta modernoarekin batera, Orbanen irudi kontrajarria bihurtu da Magyar, aldaketaren irudi.

Arlo ekonomikoan modernizatzaile, eta sozialean, kontserbadore, Magyar gai izan da bere inguruan biltzeko ofizialismoan jada gustura ez zeuden horiek, bai eta oposizio liberala eta, are, progresista ere, Orbanen eta haren Fideszen 16 urteko agintearen ostean, aldaketa gosez zirenak, guztiak ere. 

Estilo gazteaz eta sare sozialak trebe erabilita, modu berezian konektatu du gazteenekin, zeintzuek ez duten ezagutu boterean Orban ez den beste agintaririk. 

13 April 2026, Hungary, Budapest: Supporters of the opposition Tisza party, which won the 2026 Hungarian parliamentary elections, celebrate during a victory rally. Photo: Alexander Ryumin/TASS via ZUMA Press/dpa



Alexander Ryumin/TASS via ZUMA P / DPA

13/4/2026 ONLY FOR USE IN SPAIN

Magyar kontserbadore gisa aurkezten da, familiaren, nazioaren eta kristautasunaren defendatzaile gisa, baina europazaletasun argiarekin eta Orban ultrakontserbadorea baino izaera politiko irekiagoa. Hala ere, zenbait gaitan, hala nola legez kanpoko immigrazioaren aurkako jarreran, Orbanen ideiekiko hurbiltasuna argia da. 

Hungarian aldaketak aurreikusten badira ere, nabarmendu behar da Magyar ez dela buruzagi aurrerakoia. Hungariak gehiengo kontserbadore eta liberaleko herrialdea izaten jarraitzen du, nabarmen moderatuagoa bada ere. 

Erakundeak "garbitzera"

Peter Magyar Europako erregimen "ustelenari" amaiera ematera dator. Bere esanetan, ustelkeria horrek Hungaria Europar Batasuneko (EB) herrialderik "pobreena" bihurtu du. Hungariak ez du azken urteetan ia hazkunde ekonomikorik izan, eta altua du inflazioa. 

Horren aurrean, Magyarrek agindu du erakundeak "garbituko" dituela eta ekonomia suspertuko duela. Esan duenez, Hungaria Europako Fiskaltzan sartuko da berehala, Orbanen Gobernuak funts publikoak nola erabili dituen ikertu eta desbideratutako baliabideak berreskuratzeko.

Horri gehitu behar zaio, Bruselak Europako funtsen milaka milioi euro izoztu dizkiola Budapesti, Orbanen politikek zuzenbide-estatuari buruzko kezka sortzen baitzituen. Funts horiek desblokeatzeko konpromisoa hartu du orain Magyarrek, eta, aldi berean, Europar Batasuneko erakundeekiko konfiantza berrezartzen saiatuko dela agindu du, Orbanek izandako konfrontazio-politikarekiko aldaketa, beraz. 

"Gure aberria europar komunitatearen, NATOren eta Mendebaldearen parte da", esan zuen Magyarrek bere azken kanpaina-mitinean.

Orbanek Moskurekiko izan duen gertutasunaren aurrean, Magyarrek esan du garaipenaren ondorioak ikusiko direla Kremlinean ere, egungo gobernuak Errusiarekin dituen loturei erreferentzia eginez.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X