"Hainbat ontzi" petrolio bila AEBra doazela esan du Trumpek eta Iranek ohartarazi du Ormuzera doazenek su-etena urratuko dutela
Ameriketako Estatu Batuek Ormuzko itsasartea blokeatuko dutela iragarri dute astelehenetik aurrera (14 GMT, 16:00ak Euskal Herrian eta 17:30ak Teheranen).
Lau ontzi Ormuzko itsasartean. Artxiboko argazkia: EFE
Asteburuan Iranen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko bake elkarrizketak akordiorik gabe amaitu ostean, Donald Trump AEBko presidenteak Ormuzko itsasartea blokeatzeko agindua eman du astelehen honetatik aurrera. Irango Guardia Iraultzaileak, bere aldetik, Ormuzera gerturatzen den orok su-etena urratuko duela ohartarazi du.
Trumpek bart azpimarratu duenez, Ormuzko itsasartearen blokeoa iragarri ondotik "hainbat ontzi" ari dira petrolio bila Estatu Batuetara joaten.
Halaber, AEBk eta Iranek adostutako su-etenak indarrean jarraitzen duela azpimarratu du Trumpek. Are gehiago, Teheranek negoziatu nahiko duela uste du presidente estatubatuarrak, "etsita" eta "oso egoera txarrean" dagoela iritzita.
Irango Guardia Iraultzaileak astelehen goizaldean argi eta garbi utzi du Ormuzko itsasartera gerturatzen den ontzi orok su-etena urratuko duela. Trumpen iragarpenaren arabera, Ormuzko itsasartearen blokeoa Teheranen 17:30ak direnean (14 GMT eta 16:00ak Euskal Herrian) sartuko da indarrean.
Edozein kasutan, AEBk Ormuztik igarotzen utziko die Irango portuetatik edo portuetara ez doazen ontziei.