Dagoeneko 1.430 pertsona hil dira Venezuelako lurrikaretan
Erreskate taldeek lanean jarraitzen dute, atsedenik gabe, hondakinen artean harrapatuta geratu diren pertsonak bilatzeko, oraindik bizirik egon daitezkeelakoan.
Bilaketa lanek atsedenik gabe jarraitzen dute Venezuelako lurrikarak utzitako hondakinen artean. La Guaira kolapso egoeran dago, sarbideak mugatuta, ehunka eraikin kaltetuta eta baliabide gutxi dituztela.
Datu ofizialen arabera, 1.430 hildako eta 3.238 zauritu utzi ditu hondamendiak. Hala ere, kopuruak gora egiten jarrituko du, orduek aurrera egin ahala. Bestalde, NBEk esan du 50.000 desagertu daudela, Venezuelan egindako lehen ebaluazioaren arabera.
Espainiako Estatuko herritarrak
Espainiako Gobernuak biktimen datuak eguneratu ditu larunbat honetan: hain zuzen ere, 6 hildako eta 133 desagertu daude, eta dagoeneko 14 pertsona aurkitu dituztela jakinarazi du.
Horien artean, 3 euskal herritar daude: hildako bat eta bi desagertu. Dolua Ondarroara arte iritsi da, Alazne Solabarrietaren heriotzarekin. Emakumea lurrikaran hil da; senarra, berriz, ospitalean dago, zaurituta. Jon Sustacha bilbotarra eta Maria del Coro donostiarra dira desagertutako bi euskal herritarrak.
Nazioartearen erantzuna
Bien bitartean, nazioarteko herrialdeen babesa erabatekoa izaten ari da, eta hainbat erreskate eta laguntza humanitarioko talde joan dira Venezuelara. Izan ere, milaka boluntariok elikagaiak, tresnak eta hornidurak bidaltzen jarraitzen dute, La Guairan lehentasuna desagertutakoak aurkitzea eta kaltetuak artatzea baita.