Sanchez, ustelkeria kasuei buruz: "Ezagutu izan bagenitu, ez genituzkeen onartuko"
Alderdikide gehienak itxaropentsu agertu dira eta PSOErekin eta Sanchezekin konfiantza dutela esan dute Batzorde Federala hasi aurretik. Horrez gain, agintean jarraitzeko eta 2027ko hauteskunde orokorrak eta udal eta foru hauteskundeak prestatzeko gogotsu agertu dira.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiak larunbat honetan adierazi duenez, alderdiko arduradun ohiei lotutako ustezko ustelkeria kasuak ezagutu izan balituzte, "ez genituzkeen inoiz onartuko". Horren esanetan, "PSOE ez da modu irregularrean finantzatu", eta PSOEk zuzendaritza berritzeko eta Justiziarekin elkarlanean aritzeko erakutsi duen azkartasuna nabarmendu du.
PSOEren Batzorde Federalean egindako agerraldian, Sanchezek onartu egin du alderdiak "ustelkeria kasu bat" izan duela, baina horrek aurreko Antolakuntza Idazkaritzari eragin diola ziurtatu du; Jose Luis Abalos izan zen horren arduraduna lehenik, eta Santos Cerdan gero. Hori dela eta, Abalosi 24 urteko kartzela-zigorra ezarri diote. Espresuki aipatu gabe, irregulartasunak "pertsona zehatzei" egotzi dizkie, eta karguak "onura pertsonalak" lortzeko baliatu zituztela deitoratu du.
Ildo horretatik, PSOEko idazkari nagusiak onartu duenez, "oraindik ez da behar beste aurreratu" ustelkeria politikatik desagerrarazteko, baina azken zortzi urteetan arlo horretan urratsak eman direla esan du. "Espainia are herrialde hobea izango da 2031n", Exekutibo aurrerakoi batek gobernatzen jarraitzen badu, erantsi du.
Errugabetasun-presuntzioa aldarrikatu du
PSOEko buruak Zapatero presidente ohiaren eta haren familiaren oinarrizko eskubideak "urratu" izana salatu du, ikertzen ari diren auziarekin "zerikusirik ez duten mezu pribatuak" zabaldu baitira. Horren aurrean, Zapateroren eskubide prozesalak urratu direla salatu du, ikuspuntu pertsonaletik eta familiarretik "kalte izugarria" eragin diotelako.
Sanchez Begoña Gomez emaztearen eta David Sanchez anaiaren auzi judizialei buruz ere aritu da, eta, esan duenez, berarentzat "zailagoa" da horiei buruz hitz egitea. Hilabete hauetan zehar argitaratutako informazioak gezurtatu ostean, bikotekidearen auziaren instrukzioa "ez da polemikatik kanpo egon", adierazi du, Juan Carlos Peinado epailearen aurkako kexengatik, eta "justizia justua" izateko eskatu du.
Testuinguru horretan, errugabetasun-presuntzioa bermatzeko eskatu du, "zuzenbide estatu batean onargarria den gutxienekoa".
Aurrekontuak egongo direla ziurtatu du
Bestalde, dimisioa eskatzeko Juntsekin batera bozkatzea aurpegiratu die Sanchezek PPri eta Voxi, eta amnistia legearen harira izan zuten jarrera ekarri du gogora. Espainiako Gobernuko presidenteak eskuineko alderdien "frustrazioa" ulertzen duela esan du, baina horren hitzetan, legealdiek lau urte irauten dute, baita haiek gobernatzen ez dutenean ere.
Ildo horretatik, 2026an Estatuko aurrekontu orokorrak eta 2027an hauteskundeak izango direla ziurtatu du, eta eskuinaren "inboluzioari" eta legeak indargabetzean oinarritutako "desarautzeari" erantzuteko modurik onena aurrerapen sozialak onartzea dela azpimarratu du.
PSOEren Batzorde Federalaren bilera Venezuelako lurrikaren biktimen omenez minutu bateko isilunea eginda hasi da. Sanchezek elkartasuna adierazi die kaltetuei, eta Espainiako Gobernuak herrialdea berreraikitzeko lanekin duen konpromisoa adierazi du.
Alderdikide gehienak itxaropentsu agertu dira eta PSOErekin eta Sanchezekin konfiantza dutela adierazi dute Batzorde Federala hasi aurretik. Horrez gain, agintean jarraitzeko eta 2027ko hauteskunde orokorrak eta udal eta foru hauteskundeak prestatzeko gogotsu agertu dira.