MIGRAZIO-KRISIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroak, berriz, azpitik

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.  

Ceutako migrazio-krisitik astebetera, erkidego bakoitzak hartutako adingabe migratzaileen eta Atzerritarren Legearen inguruko eztabaida berriro agenda politikoaren erdigunean jarri da, eta berriro agerian geratu dira erkidegoen arteko desorekak

Hego Euskal Herrian bertan, egoera oso ezberdina da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Egun, EAEk 843 adingabe atzerritar artatzen ditu —Bizkaiak, 554; Arabak, 109; eta Gipuzkoak, 180—, eta bere ahalmenaren gainetik ari da. Estatuak adostutako banaketaren arabera,  776 artatzea dagokio. 

Atzo, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demokrafikoaren sailburuak defendatu zuen "Estatuaren lehen betebeharra" adingabeak haien familiengana itzultzeko "bideak agortzea” dela. Esan zuenez, ez zaio "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna adingabe horiek beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea". 

Bestelako egoera bizi du Nafarroak. Legearen arabera, 237 adingabe hartzea dagokio, eta azken datuen arabera, bere gaitasunaren % 30ean dago. 

Egoeraren larritasuna ikusita, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak jakinarazi du Foru Erkidegoa prest dagoela Ceutara iritsitako adingabeak hartzeko, eta gainerako erkidegoei dei egin die legeak ezarritako irizpideak bete ditzaten. 

Desoreka, lurraldeen arteko banaketan

Gaur egun, hiru lurralde kolapso egoeran daude Estatuan: Ceuta, Melilla eta Kanariar Uharteak. Hango harrera-zentroak gainezka daude, duten gehieneko edukiera halako 38 gainetik. 

Beste muturrean daude Aragoi eta Extremadura. Legeak agindutako kopuruaren erdira ez dira iristen. Bi erkidegootan PP ea Vox daude agintean. 

Madrilgo harrera-zentroetan ere orain urtebete baino 670 adingabe gutxiago daude. 

Gobernuz kanpoko erakundeak "oso kezkatuta"

Eta erkidegoak elkarri begira ari diren bitartean,  adingabeak babesten ez direla ari salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Legea errespetatzeko eskatu, eta adin txikikoen itzulketa kolektiboak ezin direla egin gogoratu dute. 

Bere aldetik, UNICEF Espainia erakundeak erakunde publikoei galdegin die adingabeen eskubideak bermatzeko mekanismoak martxan jar ditzatela,  eta, bide beretik, Save the Childrenek nabarmendu du ezinbestekoa dela Ceutan egoera zaurgarrian dauden neska-mutil guztien beharrak asetzea, Atzerritarren Legea errespetatuz. 

 

Zer dio Atzerritarren Legeak?

Espainiako Aztzerritaren Legeak —2025ean eguneratu zuten azkenekoz— adingbe migratzaileentzat  17.081 plaza ezartzen ditu guztira, lurraldeen artean banatzeko. Derrigorrez egin beharreko banaketa da, sistemak ez dezan gainezka egin iristen diren erkidegoetan bakarrik.

Hauek dira banaketa horretarako irizpideak:

  • Adingabeen % 50 biztanleriaren arabera banatzen dira. Alegia, zenbat eta jende gehiago bizi erkidegoan, orduan eta plaza gehiago.
  • % 15, langabezia-tasaren alderantzizkoa kontuan hartuta. Kasu honetan, langabezia gutxiago duten lurraldeek pisu handiagoa hartzen dute.
  •  % 13, lurraldearen errentaren arabera. Baliabide ekonomiko gehien dituztenek laguntza handiagoa ematen dute.
  • Egindako ahaleginak ere, EAEren kasuan 2024ko uztailean gertatu zen bezala, eragina du banaketa erabakitzeko orduan. 



Reparto de menores migrantes en el Estado español

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X