Europar Batasunak 5 milioi euro bidali ditu Venezuelara
Hainbat estatu kidek erreskate taldeak, suhiltzaileak eta medikuak bidali dituzte, eta Copernicus satelite sistema larrialdietako taldeei laguntzeko eskaini dute.
Zenbait estatu kidek erreskate-taldeak bidali dituzte Venezuelara. Argazkia: EFE.
Kaja Kallas Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako goi-ordezkariak gaur aditzera eman duenez, Europar Batasunak 5 milioi euro mobilizatu ditu Venezuelan kaltetutako eskualdeei larrialdiko laguntza emateko. Kallasen arabera, Babes Zibileko Europako Mekanismoa ere aktibatu da, eta, horri esker, hainbat estatu kidek, besteak beste, bilaketa eta erreskate taldeak, suhiltzaileak eta medikuak bidali dituzte.
Europako diplomaziaren buruaren esanetan, Copernicus satelite sistema Venezuelako erreskate taldeei laguntzeko eskaini dute, kaltetutako eremuak kartografiatu eta laguntza premia handiena duten tokietara bideratzen laguntzeko. "Europa Venezuelaren bidelaguna da une honetan", gaineratu du.
Kallasek telefonoz hitz egin du Delcy Rodriguez Venezuelako presidente arduradunarekin, "EBren elkartasun osoa" helarazi dio herrialdea astindu duten lurrikara handien ostean, eta doluminak eman dizkie "maite dituzten pertsonak galdu dituztenei".