Ebola agerraldiak 500 hildako baino gehiago eragin ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan
Tokiko agintarien arabera, 1.561 ebola kasu baieztatu dituzte eta horietatik 253k gaixotasuna gainditu dute.
Ebolaren azken agerraldiaren ondorioz, gutxienez 506 pertsona hil dira Kongoko Errepublika Demokratikoan, bertako gobernuak astelehen honetan zabaldutako informazioaren arabera.
Halaber, 1.561 positibo baieztatu ditu eta horietatik 253k gaixotasuna gainditzea lortu dute.
Non eta noiz hasi zen azken ebola agerraldia?
Azken ebola agerraldia maiatzaren 15ean deklaratu zuten Kongoko Errepublika Demokratikoan, Ugandarekin eta Hego Sudanekin muga egiten duen Ituri probintzian.
Segituan gaixotasuna lurralde osora zabaldu zen, eta baita Ugandara ere. Bertan 20 kasu baieztatu dituzte.
Era berean, Frantziako Gobernuak baieztatu du ebola birusaren lehen kasua atzeman duela. Kongoko Errepublika Demokratikotik itzuli den mediku bat da positibo eman duena.
Ez dago tratamendu edo txertorik
Gaur gaurkoz ez dago Bundibugyo aldaerari aurre egiteko ez tratamendu ez txertorik ere.
OME Osasunaren Mundu Erakundeak "nazioarteko osasun publikoko larrialdia" deklaratu zuen pasa den maiatzaren 17an Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ugandan atzemandako ebola agerraldia dela eta. Hala ere, agerraldia mundu mailan zabaltzeko arriskua "txikia" dela iritzi dio.