Macronek Damaskora egiten ari den bidaiaren agendari eutsiko dio, bere hotelaren ondoan leherketa batzuk izan arren
Bi leherketa gogor izan dira astearte honetan Damaskon, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Siriako hiriburura egindako bisitarekin bat eginez. Agintarien esanetan, badira guxtienez 18 zauritu.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Siriako hiriburuan da eta bi leherketa gogor izan dira astearte honetan Damaskon.
Al Ejbariya telebista ofizialaren arabera, leherketak Damaskoko Four Seasons hoteletik gertu izan dira, hain zuzen ere Macron ostatu hartua dagoen hotelaren inguruan. Segurtasun indarrek miaketa eta identifikazio operazio bat hasi dute.
Hala eta guztiz ere, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez du aldaketarik aurreikusi Damaskora egingo duen bi eguneko bisitaren programa ofizialean, Eliseoko iturriek jakitera eman dutenez.
"Programak aurrera jarraitzen du", adierazi dute Frantziako Presidentetzatik, eta zehaztu dute leherketen unean Presidentearen Jauregian zegoela Macron, Siriako presidentearekin eta bi herrialdeetako ordezkaritzekin bilduta.
Eliseoaren jakinarazpenaren ondoren, Turkiako albisteen estatu agentziak jakinarazi duenez, gutxienez 18 pertsona zauritu dira leherketa horietan, horietako lau poliziak.
Siriako Barne Ministerioak zehaztu duenez, leherketak Turismo Ministerioaren egoitzatik gertu izan dira. Lehen ikerketen arabera, lehergailuetako bat erikin horren inguruan aparkatutako ibilgailu baten barruan zegoen, eta bestea, berriz, zakarrontzi baten barruan. Oraingoz ez ditu inork eraso horiek aldarrikatu.