Marine Le Pen hauteskundeetara aurkeztuko da, Justiziak zigorra murriztu ostean
Iazko martxoan, kargu publikoan aritzeko bost urteko inhabilitazioa eta lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten politikari ultraeskuindarrari, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik. Orain, zigor hori hiru urteko espetxe zigorrera eta 15 hilabeteko inhabilitaziora murriztuta geratu da eta ultraeskuineko liderrak iragarri du hauteskundeetan lehian arituko dela.
Marine Le Pen Frantziako Bilgune Nazionaleko buruzagiak bere hautagaitza aurkeztuko du 2027ko apirilean egingo diren presidentetzarako hauteskundeetara. TF1 telebista katean egin du iragarpena astearte honetan, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik ezarrita zuen zigorra Parisko Apelazio Auzitegiak arindu ostean.
57 urteko politikaria 2025eko martxoan zigortu zuen Frantziako auzitegi batek. Europako Parlamentuaren funtsak bere alderdiaren mesedetan erabiltzeagatik, lau urteko espetxe-zigorra ezarri zioten —horietatik bi, eskumuturreko elektronikoarekin bete beharrekoak—, eta bost urtez kargu publikoetarako gaitasunik gabe uztea ere agindu zuen epaileak.
Gaur zabaldutako epaiak, zigor hori hiru urteko espetxe zigorrera —bakarra bete beharko du, gailu telematikoarekin— eta 45 hilabeteko inhabilitaziora murriztu du. Berriro delitu bera egin ezean, kargu publikoan aritzeko inhabilitazioa 15 hilabetera mugatuko da, eta horrenbestez, bidea libre izango du datorren urteko apirilean egingo diren bozetara aurkezteko.
Hori bai, gailu elektronikoa eraman beharko du, eta Le Penek publikoki esana zuen ez duela kanpainarik egingo horrelakorik eraman behar badu. Horren aurrean, argitu du kasazio errekurtsoa aurkeztuko duela, eta helegitea argitu artean, epaiak ezarritako neurriak bertan behera geratuko direla. "Kasazio helegitea jartzeko aukera dut, eta horrek bertan behera uzten ditu epaian ezarritako neurriak. Beraz, gailu elektronikorik gabe egin ahal izango dut kanpaina", esan du, telebistan eskaini duen elkarrizketan.
Buruzagi ultraeskuindarrak ziurtatu du Jordan Bardella Bilgune Nazionaleko presidentearekin eta eurodiputatuarekin batera "tandem irabazlea" osatuko duela. "Osatuko dugun taldeak Frantziari bultzada bat emateko eta frantziarren egunerokoa aldatzeko balioko du", gaineratu du.