Nikaraguako presidenteak iragarri du aurrerantzean ez dela hauteskunderik izango herrialdean
Berez, 2027 azaroan egin beharko lirateke hauteskundeak, baina 2007tik herrialdean agintzen duen Daniel Ortega presidenteak egindako iragarpenak atea itxi die hauteskundeei.
Daniel Ortega Nikaraguako presidentearen irudia duen kamiseta bat, eskegita. Artxiboko argazkia: EFE
Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak bertan behera utzi ditu 2027ko azaroan egitekoak ziren hauteskunde orokorrak, eta iragarri du aurrerantzean ez dela hauteskunderik izango Nikaraguan. Gerrillari sandinista izandakoa da eta bi alditan izan da herrialdeko presidentea: 1985-1990 aldian eta 2007tik gaur egun arte.
"Hemen ez da berriro hauteskunderik egingo", esan zuen Ortegak iraultza sandinistaren 47. urteurrena ospatzeko pasa den igandean egindako hitzaldian.
Hitzaldian, hauteskundeak irabazteko "konspiratzen, alderdiak nola antolatu pentsatzen" aritzea leporatu zien oposizioko kideei. Halaber, yankiek jarritako alderdiak ez direla inoiz berriro agintera itzuliko nabarmendu zuen.
2007an bigarren aldiz agintea hartu zuenetik etengabe izan dira hauteskundeetako iruzur salaketak; gainera, oposizioko hautagaiak espetxeratu eta kargu publikoak izateko debekua ezarri die.
Orain, 80 urterekin, Rosario Murillo emazte eta presidenteordearekin batera Nikaraguan agintzen jarraitzen du.