Zer gertatuko da haurrek euren aztarna digitala aurkitzen dutenean
WhatsApp sarearen profileko argazkia aldatu du, eta jaiotzear den haurtxoaren ekografia jarri du Anek. Handik hilabete gutxira jaio da Oihan, eta Facebookeko hormara igo du bere argazkia, semea besoetan duela, ospitaleko gelako ohean biak. Berehala zabaldu da irudia, eta ehunka lagunek ikusi ahal izan dute denbora gutxian. Egun horretan, 250 milioi argazki igo dituzte erabiltzaileek Facebookeko plataformara.
250 milioi irudi egunean. Datuok agerian uzten dute ohitura dela unean unekoa ingurukoekin konpartitzea, sareratzea. Baina oversharingak, alegia, interneten edukiak neurri gabe konpartitzeak, gogoeta eta kezka sortu du adituen artean. Batez ere, partekatzen ari den datu horietako protagonistak adingabeak badira. Batetik, haurraren pribatutasuna aldarrikatzen dute, eta, bestetik, etorkizunean adingabe horrek bere baimenik gabe sareratutakoa ikusterakoan, arazoak sor daitezkeela ohartarazten dute.
Nork ikus ditzake sarera igotzen ditugun irudiak? Zer pentsatuko dute ume horiek euren bizitzaren zati bat publikoa eta partekatua izan dela deskubritzen dutenean?
Gure aurpegia gure hatz-marka digitala bihurtu da. Izan ere, Maria Villarino Alluitz abokatuak taldeko kidearen esanetan, "gure datu pertsonal guztien artean, gure irudia da pertsonalena".
Argazkilari errusiar batek egindako ikerketa batek aditzera eman duenez, ez dugu behar bezala zaintzen pribatutasuna sarean. Egor Tsvetkov argazkilariak egindako lanak erakutsi du norbaitek gure baimenik gabe kalean ateratzen digun argazki bakar batekin posible dela nor garen jakitea. Jende ezezagunari argazkiak atera zizkion leku publikoetan eta sare sozialetan bilatu zituen pertsona horiek gero, FindFace programaren bidez. Bi klik eginda, argazkietan agertzen zen jende ezezagun horri buruzko datu pertsonal andana jaso zuen: bizilekua, adina, lanbidea, afizioak….Your Face is Big Data izena jarri dio egitasmoari.
"Datu pertsonalak norberarenak dira, inork ez luke guri buruzko ezer publikatu behar gure baimenik gabe", dio datuen babeserako legedian aditua den abokatu bizkaitarrak. Teknologiaren garapenarekin batera sortzen ari den auzia izanda, ze bilakaera izango duen aurreikustea zaila dela aitortzen du. "Zuzenbidearen adar berria da eta ez dakigu ze bide hartuko duen. Dena dela, jaioberria bazara, eta zure gurasoek zure argazkiak igotzen badituzte, neurri batean zure irudiari buruzko oinarrizko eskubideak urratzen ari dira", Villarinoren esanetan. Argitalpenok adingabea kontuan hartu gabe egiten direla nabarmendu du eta behin datuak publikatuta, informazio horren bidea zein izango den jakiterik ez dagoela uste du. "Ez dakigu zer gertatuko den argazki horrekin 10 urte barru. WhatsApp talde bat badut, adibidez, nire informazioaren kontrolak oso ibilbide txikia du. Alegia, nik jakin dezaket nire informazioa non dagoen une honetan bertan, baina ezinezkoa da jakitea non egongo den informazio hori ordu erdi barru. Informazio horren trazabilitatea oso nahasia da. Horregatik, gurasoek zuhurtziaz jokatu beharko lukete".
Iker Totorika, Bilboko Psicox taldeko kidearen arabera, "familia arteko ohitura bat global bilakatu da. Seme-alaben argazki-bilduma publiko egin dugu, baina sare sozialek ez dute aldaketa hau bultzatu. Gure pribatutasuna partekatzeko gogoa, exhibizionismoa, gure barruan egon da; plataforma hauek behar hori askatu besterik ez dute egin. Gure usteak sendotu nahi ditugu, horregatik daukagu jarrera hori. Norberaren usteak sendotzen dituen jarrerari eutsi egiten diogu eta handitu egiten dugu. Gure lorpenak erakustea ahalbidetu duten plataformak dira sare sozialak. Familian gatazka sor al dezake jarrera horrek? Agian ez, baina haurrak handitzen direnean gatazka bat egoteko arrazoietako bat izan ahal da".
Baina, zer uste dute argazki horietan azaltzen diren umeek? Facebook eta Youtubeko haurtxoak nerabeak dira orain, 12 urte bete berritan. Instagrameko umeak, ostera, lehen hezkuntzan daude. Umeak handitu ahala, interneten gehiegi agertzen diren haur horien inguruan eztabaida sortu da gurasoen artean. Washingtongo eta Michigango ikertzaile batzuek orain arte isilik izan diren haur horiei hitza eman diete, joan den martxoan egindako azterketarekin. Gurasoak eta umeak mahai beraren inguruan bildu dituzte, euren iritziz informazioa partekatzerakoan zein arau jarraitu behar den galdetzeko. Estatu Batuetako 40 estatuko 249 bikote eta haien 10 eta17 urteko seme-alabak ikertu dituzte. Galdekatutako adingabeen herenak esan dutenez, gurasoek sare sozialetan partekatzen dituzten edukiei dagokienez arauak falta dira. Gainera, euren gurasoek partekatzen dituzten eduki gehienak "deserosoak" direla eta ezer egiteko aukerarik ez dutenez, "etsita" sentitzen direla adierazi dute.
"Adingabeen nortasuna garatzen ari da; euren nortasun propioa sortzen ari dira. Euren argazkiak eta euren informazioa igotzen dugunean, erreala ez den online nortasuna eraikitzen ari gara. Gauza onak puztu egiten ditugu eta benetakoa ez den nortasun bat eraikitzen badugu, horrek arazoak sor ditzake. Gainera, etorkizunean pertsona horren nagusia, bikotekidea, seme-alabak…izango direnek eskura izango duten informazioa eraikitzen ari gara", Totorikak azpimarratu duenez.
Haurrek euren pribatutasuna aldarrika al dezakete?
Irabazi asmorik gabe ari garenean, zigorrak jasotzeko aukera txikia da. Izan ere, datuak babesteko araudiak ez du aurreikusten gurasoak zigortzea seme-alaben inguruko datuak argitaratzeagatik. "Bideo bat edo argazki bat publikatzen dugunean, informazio hori euren esku uzten ari gara, enpresa horiek euren mesedetara erabiltzeko. Gaur egungo sare sozialek etengabe eguneratzen dituzte euren lege-oharrak, lege hauste asko egiten dituztelako, Villarinok nabarmendu duenez. Erabiltzaileek ez dituzte plataforma hauen arauak behar bezala ezagutzen: "Idealistak gara, uste dugulako gauzak doakoak direla eta ez dela ezer gertatzen. Baina, Facebookeko lege-oharra inprimatuz gero, 120 orrialdeetako batean, irakurriko dugu oihartzun mediatikoa duen pertsona bat bazara, konpainiak nahi duena egin dezakeela informazio horrekin; liburu bat edo pelikula bat, berbarako".
Araudi berria
Haur eta gazteen hatz-marka digitala handitzen ari den heinean, pribatutasuna, jazarpena eta enpresen esku uzten ari garen gehiegizko informazioa kezka iturri dira, Villarinok zehazten duenez. Apirilaren 14an datuak babesteko araudi berriari oniritzia eman zion Europar Batasunak (Datuak Babesteko Lege Organikoa 1992koa da, baina 2007an berritu zuten), azken lau urteko blokeoari amaiera emanez. Erreformaren helburua, herritarrek euren datu pertsonalen kontrola berreskuratzea eta testuinguru digitalera egokitutako babes sistemaren bermea izatea da. Finean, herritarrek euren informazio pribatuari buruzko kontrol handiagoa izan dezaten nahi du araudi berriak.
Gaur gaurkoz, araudia teknologiaren atzetik doa. "Oso ohikoa da Instagramera argazki bat igotzea, baina oso tresna ahula da. Nik igotako argazkia berehala kopia dezake beste batek, eta, horregatik, ezinezkoa da jakitea zenbatek kopiatu duten. Zelan jarraitu informazio horren bidea? Ezinezkoa da".
Araudi berriak segurtasunean jarri nahi du indarra. Legearen arabera, 14 urtetik beherakoek heldu baten zaintzapean erabili beharko lukete sarea. "Baina, gaur egun 10 urteko haurrak interneten daude. Gurasoek ez badizkiete iragazkiak jartzen, haurrak arazorik gabe sartuko dira sartu behar ez diren tokietan. Horregatik, araudi berriak beste segurtasun estrategia batzuk bultzatuko ditu, adingabeak sartu behar ez diren webguneetan ez sartzeko batetik, eta nabegazioan uzten dugun aztarna ezabatzeko bestetik".
Ondorioak eta gomendioak
Ciberbullynga (Internet bidezko jazarpena), ciberbaitinga (irakasleak haserraztea haien erantzuna grabatu eta partekatzeko), groominga (sexu-jazarpena egiteko asmoz, adin txikiko bat seduzitzen saiatzea), sextinga (sexu-jarrera konprometituan agertzen diren irudiak edo bideoak ez publikatzeko xantaia egitea)... Kasu hauei aurre egiteko, teknologiaren eraginaz jabetu eta eskola eta familien arteko elkarlana bultzatu behar da, adituen arabera. "Teknologikoki prestatuta ez dagoen gizartea daukagu; tresna teknologikorik puntakoena duena bai, baina arriskuez ezer ez dakiena. Horregatik, gure seme-alabek ez dute arriskuen berririk. Adingabeak 7 urtetik aurrera hasten dira teknologia erabiltzen. Nire ustez, 8 tik 12 urte arte, oso garai aproposa da haurrari teknologiaren arriskuak helarazteko. Bestela, etorkizunean oraingoak baino egoera zailagoak kudeatu beharko ditugu", gehitu du abokatu bizkaitarrak.
Zure interesekoa izan daiteke
Metak harpidetza-planak martxan jarri ditu Whatsapp, Instagram eta Facebook aplikazioetarako
Instagram Plus eta Facebook Plus bertsioek 3,5 euro inguruko kostua izango dute hilean, eta Whatsapp Plusek, 2,5 eurokoa.
YouTube, Snapchat eta TikTok sare sozialek akordioa lortu dute "eragindako mendekotasunagatik" salatu zituen Kentuckyko eskolarekin
Akordioari esker, bertan behera gelditu da hezkuntza barruti batek sare sozialetako plataformen kontra abiatutako lehen epaiketa izango zena. Hala ere, oraingoz ez dituzte akordioaren inguruko xehetasunak eta baldintzak argitu.
Hamar pasahitz erabilienak "segundo batean baino gutxiagoan" asmatzeko modukoak dira, Ziur zibersegurtasun zentroaren arabera
Kontu garrantzitsu guztiek pasahitz propioa izatea gomendatu du Ziur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, baita "pasahitz luze eta deszifratzeko zailak" aukeratzea zein pasahitz-kudeatzaileak erabiltzea ere.
Nor da John Ternus eta zer erronka izango du Appleren gidaritzan?
John Ternusek datorren irailaren 1ean kontseilari delegatu kargua hartuko du, eta Tim Cookekin alderatuta (operazioetan eta negozioan zentratuago dagoen), ingeniaritza arloari garrantzi handiagoa ematea aurreikusten dute adituek.
Tim Cookek Appleren CEO izateari utziko dio irailean, eta John Ternusek ordezkatuko du
Konpainia teknologikoak aho batez onartu du enpresaren burua ordezkatzea, eta irailaren 1ean gauzatuko da. Orduz gero, Cook administrazio-kontseiluaren presidente exekutiboa izango da.
RAM memorien krisialdia 2030era arte luza liteke, adituen arabera
Sektoreko fabrikatzaile nagusiak —Samsung, SK Hynix eta Micron— ekoizpen fabrika berriak sortzen ari dira arazo horri irtenbidea emate aldera, baina prozesu luzeak direnez, datorren urte amaierarako eskariaren % 60 betetzea lortuko dute, Nikkei Asiak jakinarazi duenez.
Instagram Plus: istorio luzeagoak, zerrenda pribatuak eta beste funtzio esklusibo batzuk eskaintzen dituen harpidetza zerbitzu berria
Ordainpeko harpidetza zerbitzu berria probatzen hasi da Meta. Astean zehar istorio bat nabarmentzea ere ahalbidetuko du, jende gehiagok ikus dezan, eta Superlike animatu bat bidaltzea, besteak beste.
Ez dute ChatGPTren funtzio erotikoa kaleratuko OpenAIk laguntzailea hobetzen duen arte
Konpainia teknologikoak funtzio hori data zehaztu gabe atzeratzea erabaki du, erabiltzaile heldu egiaztatuek eduki erotikoan sartzeko aukera izan dezaten. Sistemaren adimenean eta pertsonalizatzeko gaitasunean hobekuntzak egitea lehenetsi nahi dute.
AA "erabat kaltegarria" izan daiteke mentalki kalteberak diren pertsonengan, psikiatra batek ohartarazi duenez
Adimen Artifizialak "ez du kontzientziarik, ez du errukirik eta ez du maite" erabiltzailea, hortaz, "berdin zaio zer gertatzen zaion". Gainera, normalean "atsegina" izaten da, eta "erabiltzailari entzun nahi duen erantzuna ematen dio".
X, Meta eta TikTokek delituak egin dituzten ikertzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuak Fiskaltzari
"Plataforma horiek gure seme-alaben osasun mentalaren, duintasunaren eta eskubideen aurka egiten ari dira. Estatuak ezin du horrelakorik onartu", azpimarratu du Pedro Sanchezek X sare sozialean.