Sare Sozialak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Facebookeko argazkiak baimenik gabe argitaratzea debekatu du Gorenak

Auzitegi Gorenaren esanetan, sare sozial batera argazki bat igotzeak ez dio beste bati baimena ematen baimenik gabe erabili eta argitaratzeko.
Argazkia: Spencer E. Holtaway
Argazkia: Spencer E. Holtaway

Auzitegi Gorenak epai batean adierazitakoaren arabera, pertsona baten Facebookeko profiletik ateratako argazki bat erabiltzeko baimen zehatza behar da, bestela, norbere irudiaren eskubidea urratzen delako.

Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, La Opinion de Zamora egunkariak 15.000 euro ordaindu beharko dizkio gizon bati, Facebooken argitaratutako argazki bat paperezko edizioko albiste bat ilustratzeko erabiltzeagatik. Egunkariko arduradunek gizonaren irudia kaltetu zuela uste du epaileak.

Salaketa jarri zuen gizonari buruzko erreportaje batek eragin zuen gatazka. Protagonistaren anaiak suzko arma batekin eraso egin zion, eta horren berri emateko erabili zuen hedabideak argazkia. Gainera, tiroa egin zuen pertsonak bere buruaz beste egin zuela kontatu zuten.

Albistea 2013ko uztailaren 8an argitaratu zuten La Opinión-El Correo de Zamora egunkarian, eta salatzailea identifikatzea ahalbidetzen zuen datuak jakinarazi zituzten. Hala ere, Auzitegi Gorenaren iritziz, ez zuten intimitate-eskubiderik urratu.

"Profilaren titularrak interneteko sare sozial batera publikoak oro har ikus dezakeen argazki bat igotzeak ez dio hirugarren bati baimenik ematen hedabide batean jabearen baimenik gabe zabaltzeko", dio epaiak.

Horrez gain, testuan gaineratu duenaren arabera, "argazkiaren jabeak blog batean edo profil publiko batean ikusteko baimena emateak ez du esan nahi beste modu batera hedatzeko aukera dagoenik".

"Jabeak ezin dio erreklamaziorik egin sare soziala kudeatzen duen plataforma elektronikoaren enpresari beste batek baimenik gabe argazkiren bat erabili duelako", zehaztu du.

Hala, egunkariak ezin izango du argazkia berriz argitaratu eta kendu egin beharko du artxiboetan dituzten aleetatik.

Intimitateari dagokionez, Auzitegi Gorenaren aburuz, egunkariak ez zuen "muga morbosorik gainditu".

Gainera, honako hau ondorioztatu du epaitegiak: "Zamora bezalako eremu geografiko mugatu batean, artikuluan emandako informazioak ezin zuen inolako eraginik izan mota horretako gertakari bati buruz inguruko bizilagunek izan zezaketen ezagutzan".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Teslak Cybercab aurkeztu du, robotaxi autonomoen aldeko apustua

Teslak Cybercab aurkeztu du ostegun honetan, robotaxi autonomo gisa funtzionatzeko diseinatutako bi plazako ibilgailu elektrikoa. Autoak ez du bolanterik, ezta pedalik ere, eta konpainiak garatutako gidatze sistema autonomoaren mende dago erabat. Teslak 45 ibilgailuko lehen serie bat merkaturatu du (Texasen eta Floridan zerbitzua eskaintzen ari dira jada), baina konpainiak robotaxia pixkanaka zabaltzea aurreikusten du, AEBko beste eremu batzuetara heltzeko.

Txinako Robotak argazkia
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Gure eguneroko bizitzan txertatuko den robotikarik garatuena Txinako nazioarteko biltzarrera iritsi da

Azken erakusketetan ping-ponga jokatzen, dantzatzen eta borrokatzen aurkeztu dituzte robotak. Oraingoan, ikuskizuna emateaz harago, robotak lan egiteko gai dira, etxean zein fabriketan. Roboten salmentak nazioartean lau bider handitu dira; Unitree enpresa Shanghaiko burtsan estreinatu da aste honetan. Urte gutxi barru gure egunerokoaren parte izango direla ziurtatzen dute.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Aura farmeatzea", sare sozialetako lehiaketa birala

“Aura farmatzea” zerbait behin eta berriz edo neurriz gaindi egitea da, “aura” irabazi eta pilatzeko; hau da, besteen aurrean presentzia, estiloa edo errespetua erakusteko. Lehiakide bakoitza saiatzen da ahalik eta ekintzarik ikusgarriena egiten edo presentzia handiena erakusten, aurkariak baino “aura” gehiago lortzeko. Hala ere, alderantziz ere funtzionatzen du: eroriko batek, huts egite batek edo une lotsagarri batek “aura” galtzea ekar dezake. Eta zuk... ezagutzen al zenuen moda berria?

Gehiago ikusi
Publizitatea
X