Neskek "bazterketa" jasaten dute bideojokoetan eta askok "nortasuna ezkutatzen dute", Deustuko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera
Ikerketaren arabera, mutilek borroka eta kirol arloko bideojokoak nahiago dituzte, eta neskek irudiari eta dantzari lotutako edukiak kontsumitzen dituzte gehiago.
Egile eskubiderik gabeko irudia
Online bideojokoetan aritzen diren neskek bazterketa jasaten dute eta horietako askok bere identitatea ezkutatu behar izaten dute (abatar maskulinoak, izen neutroak) iraindu edo baztertu ez ditzaten. Hori da Deustuko Unibertsitateak Opciónate-Mejora Tu Vida Kanarietako kontsultorarekin elkarlanean egindako Cyber-Resistance ikerketaren ondorio nagusietako bat.
Zehazki, esparru digitalean dagoen genero arrakala ikertu dute, eta, horretarako, 5 eta 13 urte arteko EAEko eta Kanarietako hamahiru ikastetxeetan azterlana egin dute.
Estibaliz Linares Deustuko Unibertsitateko irakasleak gidatu du aipaturiko ikerketa. Horren arabera, sozializazio digitala ia jaiotzarekin batera hasten da. 5-6 urterekin tablet eta bideojokoak erabiltzen hasten dira; eta 6-7 urterekin, gurasoen telefono mugikorrak eta erloju adimendunak.
8-9 urterekin jauzi kualitatiboa ematen dute: lehen telefono mugikorra eskuratu eta sare sozialetan (TikTok) kontuak irekitzen dituzte
Borroka eta kirol arloko bideojokoak versus irudiari eta dantzari lotutako tutorialak
Ikerketak ondorioztatu duenez, mutilek beren nortasun digitala indarkeriarekin eta boterearekin lotzen dute, eta, horregatik, borroka eta kirol arloko bideojokoak nahiago dituzte. Aitzitik, neskek edertasunarekin eta irudiarekin lotutako argazki eta bideoak kontsumitzen dituzte.
Haurren hipersexualizazioa sustatzen dela salatu dute ikertzaileek, haurrak edertasun eta estetika kanonak betetzera behartzen baitituzte.