Instagram eta Facebook mundu osoan erori dira
Akatsak 15:00ak aldera hasi dira plataforma horietan, eta erabiltzaileek ezin izan dute saioa hasi, mezuak bidali edota argitalpenak partekatu zein ikusi. Oraingoz ez dute argitu zerk eragin duen arazoa.
Instagram, Facebook, Threads eta Messenger sare sozialak munduko hainbat tokitan erori dira gaur, ekainak 12, eta horien ohiko funtzionamenduan arazoak izan dira.
Akatsak 15:00ak aldera hasi dira, eta erabiltzaileek arazoak izan dituzte saioa hasteko, mezuak bidaltzeko edota argitalpenak partekatzeko zein ikusteko. Oraingoz ez dute argitu zerk eragin duen arazoa.
Downdetector eta Outage.Report atari espezializatuek eman dute horren berri. Instagram, Facebook, Threads eta Messenger sare sozialen webguneetan gorabehera handiak izan dira. Konektatzeko arazoak mundu osoan izan dira, AEBn, Australian eta Japonian barne, eta erabiltzaileek ezin dituzte edukiak zabaldu, ezta orri nagusia gaurkotu ere.
Arazoak ez dira amaitu, eta ez dago argi zerk eragin dituen akatsak sare sozial horien zerbitzuetan.
Andy Stone Metaren bozeramaileak azpimarratu du lanean ari direla gorabeherak ahalik eta lasterren konpontzeko: "Arazoa konpontzen ari gara, baina baliteke denbora gehiago behar izatea dena ohiko egoerara itzultzeko".