Ahotsik ez dutenen oihua, Durangoko Azokan entzungai
Korrontzi folk taldearen eta Salvamento Marítimo Humanitarioren, besteak beste "Aita Mari" beren jaioterrietatik atera behar izan duten errefuxiatuak itsasoan erreskatatzeko ontzia kudeatzen duen erakunde eredugarriaren, bideak aurtengo uztailean gurutzatu ziren lehenengoz. Agus Barandiaran trikitilariak gidatzen duen taldeak GKEak antolatutako kontzertu batean parte hartu zuen orduan, Victoria Eugenia Donostiako antzokian, eta trikitiaren bidez beraien lana gehiago hauspotzeko moduren batean pentsatzen hasi zen orduan Barandiaran, ezin baita normaldu jendea itsasoan hiltzea.
Emaitza "Korrontzi. Bidaia musikala urrutiko uretara" disko-liburua da, gaur Durangoko Azokan aurkeztu duten lan hirukoitza, Korrontziren eta beste hainbat musikariren doinuak, Aritza Bergara idazleak "Aita Mari"ren misio batean jasotako bitakora kaiera eta Alfonso Novo galiziar argazkilariak egindako argazki izugarriak uztartzen dituena.
Mikel San Sebastian Salvamento Maritimo Humanitario elkarteko kideak gaur Landakoko Areto Nagusian egindako aurkezpenean azaldu duenez, oso pozik daude kulturaren bidez jendearengana iristeko aukera emango dielako Elkar argitaletxeak kaleratutako lanak: "Gure elkartasun mezua helarazi eta jendeari disfrutarazi egingo diogu".
Sei kantu batzen ditu lanak, musikari dagokionez, Iberiar penintsulan, Saharan, Kanarietan eta zorigaitzezko Mediterranio itsasoaren inguruko beste herri batzuetan zehar egindako bidaiaren sei geltoki, Barandiaranen hitzetan, eta berorietan parte hartu dute, beste askoren artean, Bieito Romerok (Luar na Lubre), Aziza Brahimek, Jesus Cifuentesek, Luís Peixotok, Xabier Amurizak, izen batzuk ekartzearren.
Esan gabe doa, disko-liburuarekin bildutako diru guztia erakundearentzat izango da, besteak beste "Aita Mari" bizitzak salbatzen dituen ontzian edo gerratik, miseriatik edo zapalkuntzatik ihes Kioseko (Grezia) errefuxiatu eremuan bukatu duten lagunei laguntza sanitarioa emateko lanean erabiltzeko.
Aurkezpenean, gainera, lan honen osagarri eta elkarteak egiten duenaren ikusgarri, joan den ostiraletik zinemetan "Aita Mari" Javi Juliok zuzendutako film dokumentala ikusgai dagoela ekarri dute gogora Mikel San Sebastián eta Peio Gorrotxategi Salvamento Marítimo Humanitario taldeko kideek.
IRAKURRI JAVI JULIORI PELIKULARI BURUZ EGINDAKO ELKARRIZKETA
"Ezin da normaldu jendea itsasoan hiltzen uztea"
Jendea itsasotik ateratzen jarraitu beharko du "Aita Mari"k, tamalez, guztion lotsagarri, eta orain, horrez gain, jende horri irudiak eta ahotsa eskaini dizkiete pelikula horrek eta disko-liburuak, horretarako eskubiderik ere ez baitute Eduardo Galeanok "ezdeusak" deitu zituen horiek, izanda ere ez direnek.
Liburutegi bat, senideak hil zituzten etxean
Bere burua Lehen Mundutzat bataiatu duen horrek altxatutako harresi lotsagarrietan zirrikituak bilatu eta itsasoratzen diren horiek denetariko zioak izaten dituzte dena arriskuan jartzeko, eta errealitate askotariko horretarako leihoa ireki du gaur "Hala ere"k, Irudienea ikus-entzunezko espazioan aurkeztu duten dokumentalak.
Suargi elkarteak ekarri du Azokako pantailara Kobane hirian kurduerazko liburuak eskaintzen dituen liburutegiaren historia, Sherwan Bilal Youssef zinemagilearen dokumentalaren bidez. Emanaldiaren kariaz, gainera, Kurdistango inguru horretako ordezkaritza bat izan da Durangoko Azokan: Nariman Mohammed (Siria Ipar eta Ekialdeko intelektualen eta idazleen batasunaren presidentekidea), Rawda Hasan (Jazira kantoiko kultura ministroa) eta Manal Mohammad (Kongra Star elkarteko kidea, Siria Iparraldeko emakume mugimendu guztiak barne hartzen dituen instituzioa).
Kobane eta Durango, biak ere bonbardatutako hiriak, senidetuta daude 2017tik, eta gaur pantaila zuriaren bidez elkartu dituen istorioak Ednan Osman Hesen gazte kurdua du protagonista. Rody eta Perwin liburutegia zabaldu zuen Kobanen 2016an, jihadistek ia urtebete lehenago beraren ama, neba-arrebak eta beste senide batzuk hil zituzten etxe berean.
Horrela, odol artean arnasgune bat ireki zion Hesek kurduerari, horren transmisioari eta bizitzari, jendearen etorkizuna suntsitu zuen zapalkuntzaren eta gerraren ondoren. Ezdeusak, izen-abizenak dituzten pertsonak barik zenbakiak direnak, oro egiten berriz ere.
Eta zenbakiez ari garela, Peio Gorrotxategi Salvamento Marítimo Humanitario elkarteko kideak goizeko ekitaldian emandako datuen arabera, Hesenek bezala jaioterrian ametsak zeuzkaten 1.600 pertsona, 1.600 ezdeus, hil dira aurten Mediterraneoan erregistro ofizialen arabera (askoz gehiago izango dira).
Zure interesekoa izan daiteke
Sigur Rós talde islandiarrak Bilbon joko du irailaren 15ean
Emanaldia Euskalduna Jauregian izango da, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera. Kontzertua Robert Ames zuzendariarekin eta tokian tokiko orkestrekin egiten ari diren biraren parte da.
Gemma Cuervo aktorea hil da, 91 urte zituela
Antzokietako oholtza gainean egindako lanagatik eta telebistako programa zein telesailetan agertzeagatik oso ezaguna zen Bartzelonan jaio eta Madrilen hil den aktorea.
"Carne y arena" murgiltze esperientzia, gaurtik aurrera EITBren Bilboko egoitzan
Berez, joan den astean zen zabaltzekoa, baina, arrazoi teknikoak tarteko, atzeratu egin behar izan dute. Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagilearen instalazioa bisitatzeko sarrerak EITBren webgunean eskuratu ahal dira.
Hollywood, Oscar sarien 98. ekitaldirako prest
"Sinners" filmak markak hautsi ditu 16 izendapen jasota, eta "Sirat" Nazioarteko Film Onenaren saria jasotzeko izendatu dute. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira galan protagonista nagusiak.
EITBren "Super Manterola" komedia berria grabatzen ari dira
Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia daude aktoreen artean. Karmelo eta Luixito anaiak dira, biak mutilzaharrak, eta Bakartxo ilobarekin batera, Super Manterola dendaren ardura dute. Azpeitiko Erdi kalean grabatzen ari dira eta, oraindik emisio egunik zehaztu ez bada ere, barre-algarak egin egingo ditugu.
Korrikaren lehen kilometroak Parisen, aldarrikapenez beteta
Dozenaka lagunek hartu dute parte Korrikaren lehen kilometroetan, Parisen, eta Euskal Etxearen 70. urteurrena ere ospatu dute, besteak beste, Frantziako Estatuan euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz.
“Los domingos”ek goya jo du
Alauda Ruiz de Azuaren pelikulak film onenaren, zuzendari onenaren, gidoi onenaren, emakumezko aktore protagonista onenaren eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sariak irabazi ditu Goya sarien 40. edizioan. Jose Ramon Soroizek gizonezko aktore protagonista onenaren saria jaso du, Maspalomasen egindako lanagatik, eta euskal zinemak zortzi sari bereganatu ditu guztira.
'Yellow Letters' filmak lortu du Berlinaleko pelikula onenaren Urrezko Hartza
Turkiako agintariek artista bikote baten aurka duten zentsurari buruzkoa da Ique lker Çatak zinemagile turkiar-alemaniarraren filma.
“Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarrituren instalazioa, EITBren Bilboko egoitzan bisitagai
Bisitaria migratzaile eta errefuxiatuen bidaiaren zati baten erdian kokatzen duen “murgiltze esperientzia” martxoaren 11tik ekainaren 20ra paratuko dute EITBren egoitzaren 5. platoan. Sarrerak otsailaren 17tik aurrera egongo dira salgai, 11,21 euroan.
Amikuzeko libertimenduarekin, inauteri giroan murgildu da Nafarroa Beherea
Libertimenduek Donapauleko plaza hartu dute musika, dantza, bertsoa eta antzerkien eskutik. Martxoaren 14ra bitartean, beste hainbat emanaldiz gozatzeko aukera egongo da herriko sorkuntzekin.