Harkaitz Cano: "Laboa harrapaezina denez, haren izpirituari heltzen saiatu gara"
Nola laburtu Mikel Laboa, unibertso oso bat eratu zuen sortzailea, komiki bakar batean? Nola txikitu eta paperean hetsi hizkuntza, musika eta entzuleen gogoa zabaldu zuenaren bizitza eta eragina? Ezinezkoa da, noski, eta Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano gidoilariek eta Joseba Larratxe marrazkilariak arauari itzuri egin diote Mikel Laboa heterodoxoari dagokionez, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar, 2022) liburuan.
Hirukoak zinez komiki laboatarra ondu du, ausarta, lirikoa, onirikoa, jostaria, hunkigarria, sinbolikoa eta epikarik gabea, hagiografiatik urrun baina donostiar musikariaren bizitzaren eta berorren inguruabarren gaineko keinuz eta ezagueraz josia.
Harkaitz Canorekin hitz egin dugu Ni ez naiz Mikel Laboa zer den (eta zer ez den) hobeto jakiteko.
Nondik nora iritsi zen Ni ez naiz Mikel Laboa? Zer egin nahi zenuten, eta, izenburuari helduta, zer ez zenuten egin nahi?
Unai Iturriagak jaso zuen Mikel Laboa Katedraren (Euskal Herriko Unibertsitatea) enkargua, eta hura jarri zen Josebarekin eta biokin harremanetan.
Laboarekin, Prousten madalenarekin bezala gertatzen da: nork berea daukala, eta oso leku zehatz eta sakonetara eramaten gaituztela bere kantuek, normalean, espazio sinboliko edo oroitzapen hunkigarrietara.
Laboa harrapaezina denez bere osotasunean, erabaki genuen haren izpirituari heltzen saiatzea, eta, zehazki, hark zuen alderdirik jostarienari, batetik, eta esperimentalenari, bestetik. Eta umore jostaria edo esperimentalismoa dagoen lekuan, halabeharrez, arriskua ere badago…
Zer ez genuen egin nahi? Ohiko biografia bat edo kontaketa kronologiko bat. Besteak beste, Mari Sol Bastidak ezin hobeto jaso zuelako hori jada bere memoria liburu autobiografikoan.
Zumetaren estudioko eszena zoragarrian bikain jasota agertzen den bezala, "hamaika Mikel Laboa" daude: zientoka istorio entzun ditugu haren gainean, eta bere obra musikala ez da batere zurruna, erabat irekia baizik. Zein Mikel Laboari oratu diozue istorioa asmatzeko?
Batetik, bere kantuak irudi bilakatu nahi izan ditugu: katarsirako gaitasuna, garai baten kronika, soiltasunaren apologia, surrealismoa, hizkuntzak eta generoak gainditzeko zeukan sena… Ertz asko ditu bere kantagintzak.
Aipatzen duzun irekitasun hori da Laboaren ezaugarri behinena, gaur egun ere, inoiz baino biziago iraunarazten duena. Kasu ezagunena aipatzeagatik, "Txoria txori"; kantu berbera abestu daiteke sehaska abesti gisara, parrandan, hileta batean edo estadio batean…
Esango nuke guk Laboarik jostarienari heldu diogula, komikian ongien funtzionatzen duena delakoan. Horregatik abiatzen da istorioa western baten antzera… Eta, paradoxikoki, bere biografiaren hezurdura agertu zaigu, ia oharkabean, bere kantuei eta bere aldarteari segika.
Estiloari eta tonuari helduta, Laboari buruzko oso komiki laboatarra ondu duzue. Zer ezaugarri estetiko eta estilistikok egiten dute bat, zuen ikuspegitik, Mikel Laboaren obran eta "Ni ez naiz Mikel Laboa"n?
Batetik, komikiak berezkoak dituen ezaugarriei ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatu gara: Josebak aukeratu dituen koloreek, Zumetaren paletarekin oso ondo doazenak bestalde, jada istorio bat kontatzen dute, berez.
Adin ezberdineko hiruzpalau Laboa ondu ditu, Tintin eta On Kixoteren artean mugitzen direnak, zelanbait adieraztearren.
Esango nuke hainbat geruza dituela komikiak: Laboaz deus ez dakienik badago, komikiak jarraitzeko moduko hari muturrak eskainiko dizkio, eta bere testuinguruaren eta garaiaren ezagutza handiagoa daukanak gozatzeko moduko keinu gozagarriak topatuko ditu.
Nolakoa izan da idazketa prozesua, sei eskutara?
Hiru buruk pentsatua eta bi eskuk marraztua izan da komikia. Lekeition elkartu ginen estreinakoz –non bestela?–, eta han, bide orri bat egiten hasi ginen… Unaik dioen legez, iparrorratza apurtzea izan zen bide orria lantzeko lehen pausoa.
Ezinbestekoak ziren pasarteak adostu genituen, eta gero, lana banatu.
Dena den, marraztu ahala, Joseba ere gidoilari bilakatu da, eta, denboran dezente luzatu den lana izan denez, elkarrena ikusi, josi eta mimoz berrikusteko parada izan dugu.
Egiari zor, badira pasarte batzuk jada ez dakidanak nork idatzi dituen… Talde lan petoa izan da.
Laboaz haraindi, garai bati eta jendarte bati buruzko istorioa ere egin duzue. Oso presente daude familia eta sortzaile garaikideak.
Artista beti irudikatu ohi da bakarti eta iluminatu gisara, eta ez gaude horrekin erabat ados. Laboa Laboa izan zen, garaia eta inguruneko jendearen egarria zirenak zirelako, diziplina ezberdinen arteko elkarlan itzela egon zelako, eta publiko batekin konexio ia xamanikoa lortu zelako Ez dok Amairuren bitartez, baita konplize eta lagun ezinbesteko batzuk izan zituelako inguruan ere, Mari Sol Bastida bera eta hainbeste azal eta kartel egin zizkion Zumeta kasu.
Alde horretatik, belaunaldi oso bati egindako omenaldia ere bada, eta artista askoren printzak agertzen dira liburuan.
Mari Sol Bastidak eta Mikel Laboak asko bidaiatu zuten bidaiatzea horren arrunta ez zen garaian, Bartzelonan bizi eta formatu zen Mikel… Bertan, Euskal Herrira ekartzeko moduko kantagintza eredu bat topatzeaz gain, haurren terapeuta eta neuropsikiatra gisa lan egin zuen, eta horrek arrastoa utzi zuen bere obran eta bizitzan. Horren lagin ttipiak ere badira komikian.
38 eta 39. orrialdeetan, jende ezagunez osatutako publikoa agertzen da adi, Laboa kantatzen hastear dela. Zer publiko, zer aurpegi, irudikatu dituzue zuek paperaren bestaldean, idazteko eta marrazteko orduan?
Orrialde horiek, "Non dago Wally?" eta "Nor da nor?" ariketa jostaria izateaz gain, beste funtzio bat ere betetzen dute: paniko eszenikoaren irudikapena dira, askotan sentitzen baitu oholtza gainean dagoenak mundua begira duela, maite dituenak begira dituela, baita bere hildakoak eta miresten duen jendea ere, hor daudela nolabait, eta horiekin guztiekin eta bere komunitatearekin zorretan dagoela.
Mikel Laboaren zer kantu edo disko gomendatuko zenioke irakurleari, Ni ez naiz Mikel Laboaren irakurketari laguntzeko edo liburuak xaxatuta haren obran sakondu nahi duenari?
Ez naiz ausartzen bakarra hautatzera. Komikiaren amaieran, "doinu banda" bat jarri dugu, eta horietako edozein izan daiteke bidelagun.
Ez dira, gainera, guztiak Laboarenak: Guillermina Motta eta Francesc Pi de la Serra hor daude, adibidez, eta hor dago Atahualpa Yupanqui ere… Azken horrenak dira komikiko lehen hitzak.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Kultura Sistemaren Lege-proiektuaren zirriborroa aurkeztu du
Kultur sistema “antolatzea, koherentzia ematea eta sendotzea” da lege egitasmoaren helburua. Alegazioen epea martxoaren 20an irekiko da, “sektore kulturalaren, erakundeen eta herritarren ekarpenak jasotzeko”.
Sigur Rós talde islandiarrak Bilbon joko du irailaren 15ean
Emanaldia Euskalduna Jauregian izango da, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera. Kontzertua Robert Ames zuzendariarekin eta tokian tokiko orkestrekin egiten ari diren biraren parte da.
Gemma Cuervo aktorea hil da, 91 urte zituela
Antzokietako oholtza gainean egindako lanagatik eta telebistako programa zein telesailetan agertzeagatik oso ezaguna zen Bartzelonan jaio eta Madrilen hil den aktorea.
"Carne y arena" murgiltze esperientzia, gaurtik aurrera EITBren Bilboko egoitzan
Berez, joan den astean zen zabaltzekoa, baina, arrazoi teknikoak tarteko, atzeratu egin behar izan dute. Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagilearen instalazioa bisitatzeko sarrerak EITBren webgunean eskuratu ahal dira.
Hollywood, Oscar sarien 98. ekitaldirako prest
"Sinners" filmak markak hautsi ditu 16 izendapen jasota, eta "Sirat" Nazioarteko Film Onenaren saria jasotzeko izendatu dute. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira galan protagonista nagusiak.
EITBren "Super Manterola" komedia berria grabatzen ari dira
Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia daude aktoreen artean. Karmelo eta Luixito anaiak dira, biak mutilzaharrak, eta Bakartxo ilobarekin batera, Super Manterola dendaren ardura dute. Azpeitiko Erdi kalean grabatzen ari dira eta, oraindik emisio egunik zehaztu ez bada ere, barre-algarak egin egingo ditugu.
Korrikaren lehen kilometroak Parisen, aldarrikapenez beteta
Dozenaka lagunek hartu dute parte Korrikaren lehen kilometroetan, Parisen, eta Euskal Etxearen 70. urteurrena ere ospatu dute, besteak beste, Frantziako Estatuan euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz.
“Los domingos”ek goya jo du
Alauda Ruiz de Azuaren pelikulak film onenaren, zuzendari onenaren, gidoi onenaren, emakumezko aktore protagonista onenaren eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sariak irabazi ditu Goya sarien 40. edizioan. Jose Ramon Soroizek gizonezko aktore protagonista onenaren saria jaso du, Maspalomasen egindako lanagatik, eta euskal zinemak zortzi sari bereganatu ditu guztira.
'Yellow Letters' filmak lortu du Berlinaleko pelikula onenaren Urrezko Hartza
Turkiako agintariek artista bikote baten aurka duten zentsurari buruzkoa da Ique lker Çatak zinemagile turkiar-alemaniarraren filma.
“Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarrituren instalazioa, EITBren Bilboko egoitzan bisitagai
Bisitaria migratzaile eta errefuxiatuen bidaiaren zati baten erdian kokatzen duen “murgiltze esperientzia” martxoaren 11tik ekainaren 20ra paratuko dute EITBren egoitzaren 5. platoan. Sarrerak otsailaren 17tik aurrera egongo dira salgai, 11,21 euroan.