"Formatu Txikiak, Talentu Berriak"
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskarazko lau serie labur, pantailara bidean EITBk bultzatuta

Amarekin goxo goxo, Aloka(h)iru eta Izaki pixka bat gardenak filmatzen ari dira, eta apirilean hasiko dira Estu filmatzen. Primeranen estreinatuko dira, udazkenetik aurrera.

"Izaki pixkat gardenak" seriearen errodajea

"Izaki pixkat gardenak" seriearen filmatze-lanak

Formatu Txikiak, Talentu Berriak deialdiaren emaitzak udazkenean hasiko dira loratzen, Primeran EITBren plataforman. Euskarazko fikziozko serieak bultzatzeko EITBren ekimen horren lorratzean, Amarekin goxo-goxo, Aloka(h)iru eta Izaki pixka bat gardenak serie laburrak filmatzen ari dira, eta apirilean hasiko dira Estu izeneko lana filmatzen.

Amarekin goxo-goxo Leire Albinarrate gidoilariak sortu du, 2deo Serieak Tabakaleraren programaren eskutik. Lander Otaolak eta Ane Nafarratek zuzendu dute sei ataleko seriea, eta antzeztaldea osatzen dute Aitziber Garmendia, Iñake Irastorza, Jon Plazaola, Sambou Diaby, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Urko Olazabal, Lander Otaola eta Asier Hormaza aktoreek.

Haizea da protagonista (Aitziber Garmendia): 35 urte ditu eta ama baino ez du inguruan. Halako batean, amak abandonatu egingo du, eta Haizeak bere kasa bizitzen ikasi beharko du, baina ama nonahi ikusten hasiko da.

Aloka(h)iruko zuzendariak Alba Lozano eta Nitya López dira, eta akoreak Nerea Sanz, Izaro Nieto, Lorea Intxausti, Arnatz Puertas, Dorleta Urretabizkaia, Kepa Errasti, Leire López, Asier Hernández eta Alvar Gordejuela.

Hiru lagun etxe batean bizi dira, Bilboko Zazpikaleetan. Hilabeteko epea dute etxea uzteko, eta hiru negozio ezkutu jarriko dituzte martxan, joan aurretik.

Iñigo Sbeltza da Izaki pixkat gardenak serieko gidoilari, zuzendari eta ekoizlea. Sei istorio itxi dira, guztiak ere mamuen ingurukoak. Jon Plazaola, Patricia Urrutia, Martxelo Rubio, Olatz Beobide, Erika Olaizola, Ainhoa Aierbe, Iñigo Aranburu, Mikel Losada eta Ylenia Baglietto dira aktoreak.

Azkenik, Arriguri Kolektiboa hurrengo asteetan hasiko da Estu sei ataleko seriea filmatzen. Kontrol digitala eta distantzia soziala nagusi diren konfinamendu batean girotuta dagoen laneko protagonistak Aia Kruse eta Jon Ander Urresti dira, eta Nerea Mazo, Kepa Errasti, Sambou Diaby eta Aritz Kortabarria ere ageri dira.

Serie horiek guztiak Primeran plataforman estreinatuko dira, udazkenetik aurrera. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X