Sebas Velasco: "Balkanetan, nonahi antzematen da historiaren konplexutasuna"
Sebas Velasco donostiar margolari eta muralistaren (Burgos, 1988) obra piktorikoa Balkanetako giza eta hiri paisaiek zeharkatzen dute; Gipuzkoako hiriburuan ezarritako artistaren lanek kate sendoak josi dituzte behinolako Jugoslaviako bazterrekin, Velascok duela hamar urte Belgrad eta Sarajevo hiriak ezagutu zituenez geroztik: "Orduan konturatu nintzen leku horietan gauza berezi eta liluragarri bat aurkitzen nuela", laburtu digu.
Orain, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko joan-etorriko harreman artistiko horren gailur gisara, Velascok The morning will change everything erakusketa jarri du ikusgai Sarajevon, 1990eko hamarkadako Balkanetako Gerrek dorpeki kamustu zuten aberastasun sozialaren sintesi izan zen hirian.
Bosnia-Herzegovinako Historia Museoa hartzen duen eraikin brutalistaren barruko mihiseetan, Velascok hamar urteko behaketa prozesuaren emaitza bildu du; Grbavica eta Alipašino Polje auzoak eta beste hainbat toki berritzen dituzten irudietan, eremu horretako geografia osatzen duten elementu ikonikoak ageri dira (kotxeak, txandalak, hormigoia, neoizko argiak, etxe multzoek eta belardi zarpailek bat egiten duten ezleku horiek…), baiki, baina baita lausotasun eta atmosfera iradokitzaileagoak ere, modu latentean; badenaren erretratua eta izan daitekeenaren arrastoa, goizak dena alda dezakeen ustean.
Velascorekin hitz egin dugu.
Apirilaren 4an inauguratu zen The morning will change everything erakusketa. Nola joan da hasiera eta jarduera paraleloak?
Inaugurazioa primeran joan da. Mila pertsona baino gehiago izan ziren erakusketan...
Esan duzun bezala, koadroez gain, erakusketan Jose Delouren argazki-instalazio bat eta Mario Ilic-en bideo-proiekzio bat ere badaude. Bestalde, hainbat hitzaldi antolatu genituen bertako eta nazioarteko adituekin, eta gitarra klasikoko kontzertu bat.
Hori dela-eta, modu kolektiboan bizi izan dut guztia, eta niretzat oso garrantzitsua izan da, bai maila pertsonalean, bai profesionalean.
Nola sortu zen eta nola joan da mamitzen Bosnia-Herzegovinako Historia Museoan erakusketa egiteko aukera, museo batean bakarka egingo duzun lehen erakusketa dela kontuan izanda?
Azken urteotan buruan izan dudan ideia bat izan da: Sarajevon erakusketa bat egitea oso modu polita iruditzen zait halako inspirazioa oparitu didan hiri bati zerbait eskaintzeko.
Duela pare bat urte, Bosniak Espainian duen enbaxadoreak museoaren zuzendariarekin bilera bat egitea proposatu zidan, eta horrela sortu zen museo horretan erakusketa egiteko aukera.
Niretzat, garrantzitsua izan da. Ez bakarrik nire lehen banakako erakusketa delako museo nazional batean, baizik eta lekuak duen esanahiagatik ere. Lehen, Iraultzaren Museoa zen, eta partisanoen memoria zaintzea zuen bere helburuen artean (Espainiako Gerra Zibilean borrokatu ziren lehenago haietako asko).
1990eko hamarkadako gerren ondoren, Bosnia-Herzegovinako Historia Museoa izena hartu zuen, eta Sarajevoko setioan sufritu zutenen memoria ere gordetzen du. Gainera, egungo errealitatean nagusitu den erretorika etniko-nazionalistatik ihes egiten duen erakunde bat da.
Gauza horiek guztiak garrantzitsuak dira niretzat, ez hainbeste pintore gisa, maila pertsonalago batean baizik. Ikuspuntu formalago batetik, pintore baten ikuspegitik, gustatzen zait margoak eraikin modernista batean ipintzea, eraikinaren beraren arkitektura lotua dago-eta koadroetan agertzen denarekin.
Nondik datorkizu Balkanetako agertoki fisiko eta humanoen aurreko lilura? Zerk harrapatu zaitu eremu horretako jendearengandik eta tokietatik?
Modu batera edo bestera, Ekialdeko Europak beti erakarri izan nau. Duela hamar urte, Belgrad eta Sarajevo ezagutu nituen, eta uste dut orduan konturatu nintzela leku horietan gauza berezi eta liluragarri bat aurkitzen nuela.
Alde batetik, hiriaren konfigurazioa eta arkitektura daude, eta argi artifizialak edo naturalak horri guztiari eragiten dion modu berezia; gero, segituan harrapatu ninduen eskualdearen historiaz eta politikaz zerbait jakiteko gogoak ere. Azkenik, eta hau ere garrantzitsua da, esango nuke berehalako konexioa aurkitu nuela jendearekin. Lehen bidaietako askok grafitiarekin eta muralekin zerikusia zuten, eta horrek aukera eman zidan lagun on batzuk egiteko; beren errealitatea hobeto ezagutzen lagundu eta itzultzera bultzatu ninduten.
Zer eduki behar du irudi batek zeure buruan, gerora mihisean (eta/edo horman) betikotzeko gogoa pizteko?
Sorkuntza prozesuak inkontzientetik ere baduen arren, gaur egun aldez aurretik bilatzen ditut zerbait aurkituko dudala uste dudan lekuak. Halaber, goizaldean edo ilunabarrean irteten saiatzen naiz, argi edo giro jakin baten bila. Gero, zain egoten naiz, zerbait hori noiz azalduko.
Elementuen konbinazio bat izaten da normalean. Edo, hobeto esanda, argiak nola eragiten dien elementu horiei. Argazkiak egiten ditut ondoren, eta argazki horiek zirriborro gisa erabiltzen ditut estudioan. Normalean, hainbat irudi nahasten ditut collage digital batean, eta collage hori erabiltzen dut abiapuntu gisa. Hortxe hasten naiz mihisean margotzen.
Lehenengo faseak nahiko espontaneoak izatea gustatzen zait, eta horretan saiatzen naiz, pinturaren aplikazioak berak zer ustekabe ekarriko dizkidan. Ondoren, zati batzuk gehiago definitzen ditut edo aldaketa batzuk egiten ditut, eta aurrera egiten dut, koadroak funtzionatzen duela edo amaituta dagoela iruditzen zaidan arte. Zaila izaten da koadroa bukatutzat ematea.
Estereotipoek nabarmenki zamatutako lurraldea dira Balkanak, mendebaleko herritarren begietatik. Nola jokatzen duzu mihisearen aurrean, erretratuaren eta iradokizunaren arteko orekan? Zein helburu izaten duzu obra bat egiterakoan?
Nire helburua ez da lurraldearen irudi jakin bat proiektatzea. Ikuspegi dokumental hutsetik urruntzen saiatzen naiz, eta ez dut aldez aurretik pentsatutako estrategiarik jarraitzen.
Aitzitik, emozio bat —izan emozio bisuala edo intimoagoa, barne-barnekoa— pizten duen zera horrek gidatzen nau. Eta baliteke horrexek sortzea atmosfera iradokitzailea.
Edonola ere, irudiek batzuentzat estereotipoak indartzen dituzte, eta beste batzuentzat, estereotipo horiek zalantzan jartzen dituzte. Hala ere, nire asmoa ez da hasieratik horrelakoak bultzatzea.
The morning will change everything esaldiak esperantzarako zirrikitu bat uzten du, hain zuzen ere, bat datorrena egunotan Serbian eta Ipar Mazedonian ustelkeriaren eta Estatuaren bahiketaren kontra egiten ari diren protesta jendetsuekin. Zer ikusten da Balkanetan, argira begiratzeko orduan?
Bai, izenburua Indexi bandaren abesti batean inspiratuta dago, eta hainbat modutan interpreta daitekeelako gustatzen zitzaidan. Horietako bat da, hain zuzen, aipatzen duzuna.
Serbian izan ditudan lagunen artean inplikazio handia egon da azken protestetan, eta nolabaiteko esperantza sumatzen da. Bosniaren kasuan, hango lagunek esaten didatenez, Dodiken (Bosniako Serbiar Errepublikako lehen ministroa da Milorad Dodik) inguruko tentsio politikoak eta krisia arreta herrialdeko benetako arazoetatik desbideratzeko maniobratzat hartzen dira, herritarrak mobilizatzea saihesteko, Serbian mobilizatzen ari diren bezala.
Iraultzaren Museoa izenarekin sortu zuten egun Bosnia-Herzegovinako Historia Museoa dena, II. Mundu Gerraren ondoren, Jugoslaviako Herri Errepublika Federalaren garaian, Titoren agintepean. Ikusten duzu alderik artea ulertzeko eta erabiltzeko orduko moldeen eta Jugoslaviaren ondorengo egungo estatuetan ulertzeko eta erabiltzeko moduaren artean?
Oso galdera interesgarria da. Ni ez naiz aditua gai honetan, baina nire Bosniako lankideek kontatu didatena azaldu dezaket.
Jugoslavia sozialistan, herrialdearen zuzendaritza politikoaren eraginpean egon zen artea. Jugoslavia bera aldatu ahala aldatzen zen zuzendaritza hori, baina, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo hamarkadetan batez ere, artea ulertzen zen ideia iraultzaileen, antifaxisten, zerbitzura zegoen tresna ideologiko gisara; eta Haurridetasun- eta Batasun-ideien aldeko tresna moduan ere.
Izan ziren zentsura-kasuak, bai, baina, beste alor askotan bezala, dezente arinagoa izan zen zentsura hura Sobietar Batasunean eta Varsoviako Ituneko beste herrialdeetan baino. Baziren erregimena auzitan jartzen eta kritikatu ere egiten zuten proiektu artistikoak, filmak eta liburuak, eta, hala eta guztiz ere, haiek ere Estatuaren finantzaketa jasotzen zuten.
Errealismo sozialista II. Mundu Gerraren osteko hogei urteetan sustatu zen nagusiki, eta artista askok nahita bat egin zuten mugimendu harekin, gizarte sozialista berri bat eraikitzen lagundu behar zutela sentitzen zutelako. 70eko eta 80ko hamarkadetan, arte garaikideko proiektu ugari finantzatu zituen Estatuak; egoera ez zen, inondik ere, Marina Abramovicek aurkezten duen bezalakoa. Berriro diot: nire lagunen hitzak dira, kar kar.
Ikasleen kultura zentroak funtsezko espazioak izan ziren jarduerok egiteko, eta Estatuak erabat finantzatu zituen, artea guztien ondasuntzat jotzen baitzen, eta inbertsio handiak egiten ziren artelanetan.
Gaur egun, ordea, Bosnia-Herzegovinako Errepublika Federal Sozialista ohiak sortutako erakundeek ez dute estatus argirik, eta Historia Museoa da horietako bat: ez Estatuak ez kantoiak ez dute beren gain hartu nahi.
Orain, artea ez da ondasun komun gisa ulertzen, eta ez dago merkaturik, ezta mezenasgo sistema pribaturik ere, arteari ekonomikoki lagunduko dionik. Gaur esaten da artea askeagoa dela, baina ez herrialdea bereziki irekia edo liberala delako orain, baizik eta, besterik gabe, interes gutxi dagoelako. Artearen ahalmenaren kontzientzia galdu balitz bezala da, eta orduan denak balio du, zeren-eta "artea baita, kaltegabea da".
Nora begiratu behar du Balkanetako herrialdeetako batean oina pausatzen duenak? Zer ez du galdu behar bisitariaren begiak, hara iritsitakoan?
Bidaiariaren izaeraren eta interesen araberakoa izango da, noski. Baina esango nuke Balkanetan nonahi antzematen dela historiaren konplexutasuna, eta horrexegatik dela eskualde hau bereziki interesgarria. Jendea oso irekia da, oso mediterraneoa, oso kalekoa, eta alde horretatik ohiturek hemengoen antza dute, eta, horrela, hemengo jendea eroso sentitzen da berehala.
IRAKURRI MARC CASALS IDAZLE ETA ITZULTZAILEARI EGINIKO ELKARRIZKETA
Marc Casals: "Desberdintasunaren deskubrimendu etengabea da Bosnia"
Beste alor askotan dagoen dibertsitatea ere azpimarratuko nuke: paisaietan, arkitekturan, janarian edo musikan.
Zer plan dituzu aurrera begira?
Ekainean, Suitzako arte azoka batean parte hartuko dut, pare bat obrarekin. Bestalde, buru-belarri sartuta nago Jugoslavia ohian inspiratutako hamar urteotako lanaren emaitza diren pinturak eta bestelako materialak biltzen dituen liburua prestatzen.
"The morning will change everything" maiatzaren 28ra arte bisitatu ahalko da, Sarajevon
Zure interesekoa izan daiteke
“Bakoren Burua” ikusgai jarri dute Arabako Bibat Arkeologia Museoan
1976an aurkitu zuten I. mendeko marmolezko eskultura ezaguna, Arkaiako parrokia elizaren inguruan. 13 cm-ko altuera, 9,5 cm-ko zabalera eta 6,5 cm-ko sakonera duen pieza 46 urtez egon da desagertuta, Jon Buesa EAJk Arabako Batzar Nagusietan zuen bozeramaileak epailearen eskariz itzuli zuen arte. Irailaren 30era arte ikusi ahalko da Gasteizko Bibat Arkeologia Museoan.
Carla Filipe eta Taxio Ardanaz artisten lana batu du "Kooperatiba" erakusketak, Tabakaleran
Ángel Calvo Ulloak komisariatutako erakusketak Carla Filipe eta Taxio Ardanaz artistek lengoaia grafikoen eta irudikapen politikoaren inguruan egindako lana biltzen du. Uztailaren 3an irekiko da, Donostiako zentroan, eta urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai.
Bonnat-Helleu museoak 100.000. bisitaria hartu du
Birmoldatu eta azaroan berriz ireki zuten arte ederren museoko 100.000. bisitaria 8 urteko baionar neskatoa da. Urte osoan doan sartzeko baimena emango dion txartel bat jaso du Barthélémy Etchegoyen museoko zuzendariaren eskutik.
“Harri biguna” dokumental sailak artearen irakurketa “kritiko eta garaikidea” proposatzen du ikuspegi feministatik
Primeran eta ETB ON plataformetan izango da ikusgai, ekinaren 30etik aurrera, Tamara Garcíak idatzi eta zuzendu duen sei ataleko lana. Elkarrizketen eta artxiboko materialaren bidez, ikusezin bihurtu diren narratibak azaleratzen ditu, collagean oinarritutako proposamen estetikoa erabilita.
Arte Ederren Bilboko Museoak Placido Arango omenduko du fase berriaren inaugurazioan
Placido Arango izango da Arte Ederren Bilboko Museoaren berrirekitzearen protagonista nagusia, seme-alabek utzitako eta Pradoko Museoarekin batera antolatutako erakusketa bati esker. Erakusketa urriaren 5ean inauguratuko da Arte Ederren Bilboko Museoan, eraikina handitzeko lanak amaitu ondoren.
Euskal Museoaren klaustroa, musika, dantza, zirku, herri kirol eta bertsolaritzaz beterik barikuetan
Plazara ekimeneko jardueretarako sarrera 3 euroan dago salgai, Bilboko museo zaharberrituaren webgunean. Aukeran konpainia eta Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariak arituko dira, besteak beste.
“Gorputz geometrikoak” erakusketak Nora Aurrekoetxea eta Larry Bell gonbidatu ditu, Chillida intepreta dezaten
Chillida Lekuko erakusketa berria Estela Solana komisarioak gidatu du, eta ibilbide bat proposatzen du Eduardo Chillidaren obraren aroetan zehar, lehen lan figuratiboetan hasi eta hiru dimentsioko espazioak sortzen dituzten arkitektura kutsuko azken lanetaraino. Chillidaren obrak Nora Aurrekoetxearen eta Larry Bellen pieza banarekin lagunduta ageri dira. Ekainaren 25etik urriaren 26ra egongo da bisitagai.
Guggenheimek Philippe Parrenoren eta Carmen Herreraren atzera begirako erakusketak egingo ditu 2027an
Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioaren Patronatuak bilera egin du bart museoan, eta datorren urteko programazio artistikoa aletu dute bertan. 30. urteurrena dela eta, bilduma propioaren aurkezpen berri bat ere lantzen ari dira.
Publikoak asteazkenean ikusi ahal izango du Arte Ederren Bilboko Museoko atari berria
Museo zaharberritua urriaren 5ean ireki aurretik, publikoak asteazkenean, ekainak 24 (10:00-20:00), ikusi ahalko du, salbuespen gisa eta hitzordua hartu beharrik gabe, eraikinaren atari berria. Francisco de Durriok Arriagaren omenez egin zuen eskultura berriz jarri dute, eta ikusgai daude, halaber, Topalekua, Eduardo Chillidarena, eta Bilbao, Richard Serrarena.
David Hockney britainiar artista zendu da
Margolariak, Erresuma Batuko pop artearen izen handietako batek, 88 urte zituen.