Guggenheimek Philippe Parrenoren eta Carmen Herreraren atzera begirako erakusketak egingo ditu 2027an
Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioaren Patronatuak bilera egin du bart museoan, eta datorren urteko programazio artistikoa aletu dute bertan. 30. urteurrena dela eta, bilduma propioaren aurkezpen berri bat ere lantzen ari dira.
Guggenheim Bilbao Museoak Philippe Parreno frantziar artistaren lanaren inguruko erakusketa monografikoa egingo du udaberrian, martxo erdialdetik aurrera, publikoari 1990eko hamarkadako arte garaikidearen bilakaera ulertzeko funtsezkoa den artistaren lana hurbiltzeko.
Museoaren Fundazioaren Patronatuak bilera egin du bart museoan, Imanol Pradales lehendakaria buru zela, eta Guggenheimeko lantaldea 2027rako lantzen ari den programazio artistikoko zenbait proiektu aurkeztu dituzte bertan.
Apiriletik aurrera, atzerabegirako handia eskainiko diote Carmen Herrera artista kubatar-estatubatuarrari. Abstrakzioaren aitzindaria izan zen emakume honek 1937 eta 2021 urteen artean sortutako 200 bat lan biltzen ditu bildumak, tartean pinturak, eskulturak, marrazkiak eta grabatuak.
Carmen Herrera, "Réalités Nouvelles", 1948. © Estate of Carmen Herrera.
Kaihō 解放: Japoniar emakume artistak 1945 ondotik urri hasieran zabalduko den erakusketak gerraosteko eszena globalean emakume artista japoniarrek eta japoniar diasporakoek —Asian, Europan, AEBn nahiz Brasilen— bete zuten funtsezko papera aztertuko du.
in situ zikloaren barruan, bi erakusketa aurkeztuko dituzte aurten. Lehenengoa maiatzean inauguratuko da, eta Londresen bizi den Do-Ho Suh artista korearrari eskainiko diote, eta bigarrena, Itziar Barrio diziplinarteko euskal artistarena, 2027ko abenduan zabaldu.
Halaber, museoaren 30. urteurrena duela eta, bilduma propioaren aurkezpen berri bat prestatzen ari dira udazkenera begira, erakundearen ibilbidearen eta “ireki zenetik arte garaikidearekin eta bertoko gizartearekin izan duen konpromisoaren ospakizun gisa”.
516.734 bisitari 2026an
Urteko lehen sei hiletan izan duen jarduerari begira, Guggenheim Bilbao Museoko Patronatuak iragarri du 516.734 bisitari izan direla, 2025eko epe berean izandakoak baino % 3, 13.500 bat, gutxiago.