Julio Sotok jantzi du Nafarroako bertsolari onenaren txapela
Julio Sotok (Gorriti, 1987) irabazi zuen atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Bildutako 1.300 bertsozale baino gehiagok bertso-saio eta giro ederraz gozatzeko aukera izan zuten, izan ere, finalera iritsi ziren zortzi bertsolariek (Julio Soto, Xabier Silveira, Estitxu Arozena, Jon Barberena, Julen Zelaieta, Eneko Lazkoz, Oskar Estanga eta Xabier Terreros) maila handia erakutsi zuten.
Buruz burukoan Xabier Silveirari gailendu zitzaion Soto, alde txikiarekin, lau puntu eta erdi hain zuzen ere. Hirugarren postua Estitxu Arozenak lortu zuen, eta laugarren izan zen Jon Barberena.
Manolo Arozena Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidente ohiak izan zuen Sotori txapela janzteko ohorea.