Andoni Egañak jantziko dio txapela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren irabazleari
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan txapel gehien jantzi dituen bertsolaria da Egaña, eta “bertso munduari eskainitako ageriko zein ezkutuko lan eskerga" eskertu nahi dio Bertsozale Elkarteak.
Andoni Egañak, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa lau aldiz irabazi duen bertsolariak, jantziko dio txapela aurten, abenduaren 20an Iruñeako finalaren amaieran, bertsolari txapeldunari, Bertsozale Elkarteak iragarri duenez.
Bertsozale Elkarteak “bertso munduko ibilbidean egindako lan handia eskertu nahi dio Egañari; ez soilik bertsogintzan kanpora begira egindakoa, baita barnera begira egindako lan eskerga ere”, adierazi dute.
1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean izan zen txapeldun Egaña, eta 2009an, Txapelketa utzi zuen urtean, finalista. 1982an egin zuen lehen plaza Egañak, 21 urterekin, eta 1986an jada Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu zuen.
Euskal Filologian lizentziatua da, plazaz plazako jardunean aritu da eta jarraitzen du eta literaturan, gidoigintzan, hedabideetan zein beste hainbat arlotan aritu izan da. Gainera, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen zuzendaritzako kide izan da, Eragile Batzordeko kidea eta Ikerkuntza saileko arduraduna ere bai.