BERTSOLARI TXAPELKETA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nerea Ibarzabal da Gasteizko finalaurrekoko irabazlea

Bigarren itzulian beste saio bat jokatuko da oraindik, Bilbon, abenduaren 5ean. Finalaurrekoen faseari amaiera emango dio horrek, eta puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariek Iruñean, abenduaren 20an, jokatuko den final handirako txartela eskuratuko dute.

Nerea Ibarzabalek irabazi du Gasteizko finalaurrekoa. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Nerea Ibarzabalek irabazi du larunbat arratsaldean Gasteizen jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako seigarren finalaurrekoa, azken-aurrena, eta abenduaren 20ko finalerako txartela zuzenean eskuratu du. Mendizorrotza kiroldegian egindako saioan sei bertsolarik parte hartu dute.

Ohi bezaala, aretoa bertsozalez bete da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren itzuliko bigarren saioaz gozatzeko. Gai-jartzaile Lierni Altuna Ugarteren ondoren, zozketak erabakitako hurrenkeran igo dira oholtzara sei bertsolariak: Nerea Ibarzabal, Aitor Bizkarra, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena, Sustrai Colina eta Ane Labaka.

Saioa amaituta, honela geratu dira puntuazioak:

  • Nerea Ibarzabal: 760,5 puntu
  • Sustrai Colina: 735 puntu
  • Beñat Gaztelumendi: 734 puntu
  • Ane Labaka: 714,5 puntu
  • Aitor Bizkarra: 714 puntu
  • Maddi Ane Txoperena: 702,5 puntu

Epaimahaia zazpi lagunek osatu dute: Ekaitz Elorriaga, Maialen Berra, Zuhaitz Olazabal, Leire Beloki, Iñigo Legorburu, Jurgi Fuentes eta Nerea Bruño. Saioko idazkari lanak, berriz, Ainhoa Goñik eta Itziar Basterretxeak bete dituzte. 

Emaitza horri esker, Ibarzabalek ziurtatu du finalerako sailkapena. Gainerako bertsolariek bigarren itzulia amaitu arte itxaron beharko dute finalerako aukerak ezagutzeko. Izan ere, oraindik azken saioa jokatuko da, Bilbon, abenduaren 5ean. Finalaurrekoen faseari amaiera emango dio horrek. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri.

Finalaurreko guztiak amaitutakoan, bi itzulietako puntuak batuko dituzte, eta puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariek eskuratuko dute abenduaren 20an jokatuko den finalerako txartela.

Abenduak 5 | Bilbo

  • Alaia Martin Etxebeste 
  • Amets Arzallus Antia
  • Miren Artetxe Sarasola
  • Nerea Elustondo Plazaola 
  • Oihana Iguaran Barandiaran
  • Xabat Illarregi Marzol

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X